Sorkuntzarako egoitzak eskainiko dituzte Karmelan eta Zorrotzako Gaztetxean

uriola.eus 2022ko abe. 3a, 08:00

Santutxukoaren kasuan, Bestiak liburutegiaren eskutik dator ekimena, eta urtebeteko egonaldia eskainiko dute. Zorrotzan, aldiz, bi astekoa izango da, eta dantzariei zuzenduta egongo da bereziki. Eskaerak aurkezteko epea jada irekita dago kasu bietan.

Santutxuko Karmela espazioan hirugarrenez ireki dute egoitza artistikoaren deialdia. 12 hilabeteko egonaldia eskainiko dute, eta hautagaitzak aurkezteko epea ireki dute dagoeneko. Urtarrilaren 10era arte bidal daitezke proposamenak liburutegia@karmela.eus helbide elektronikora. Sortzaile edo kolektibo bakarrak (gehienez ere bost pertsonak osatuak) erabiliko du denbora horretan guztian zehar sorkuntza tailerra, eta edozein diziplinatako proposamenak onartuko dituzte.

Honela deskribatu dute egitasmoa: “Iniziatiba honek topaketa eta elkarlan-gune bat izan nahi du herri mugimenduen, proiektu artistikoen eta horien sortzaileen artean. Sorkuntzari eta experimentazioari ireki nahi diogu KARMELA; saretze eta ikaskuntza prozesuak martxan jartzeko. Hortaz, egoitza artistikoen programa honek helburu bikoitza dauka: sorkuntza artistiko kritikoari lekua egitea; eta aliantzak eraikitzea sortzaile eta herri mugimenduen artean”.

Deialdiaren oinarri eta xehetasun guztiak esteka honetan irakurgai dagoen dokumentuan bildu dituzte.

D8 Sorkuntza Faktoria

Zorrotzako Gaztetxearen baitan kokatzen den D8 Sorkuntza Faktoriak ere egoitza baterako deialdia ireki du. Kasu honetan, dantza diziplinan dihardutenei zuzenduta dago, eta gehienez ere bi astekoa izango da iraupena. Hautatutako proiektuek egonaldi artistikoa eta teknikoa izango dute D8 Sorkuntza faktoriaren Bilboko egoitzan, baita laguntza-poltsa bat ere.

Abenduaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira eskaerak, esteka honen bitartez. Bestalde, oinarri eta xehetasun guztiak fitxategi honetan kontsulta daitezke.