Gizartean Euskaraldiaren finkatzea ekarri du hirugarren edizioak

uriola.eus 2022ko abe. 2a, 14:04
Euskaraldiaren balorazio egin dutenen argazkia Artium museoaren kanpoaldean (Argazkia: Euskaraldia)

161.099 pertsonak izena eman edo berretsi dute, eta guztira 6.634 entitatek eman dute izena. Bestalde, 8.563 egoitzatan sortu dira ariguneak. 15 egun hauetan hartutako ohiturekin jarraitzeko deia egin dute balorazioan.

Euskaraldiaren azken egunean 15 egun hauen balorazio orokorra egin dute Gasteizeko Artium museoan. Hirugarren edizioan, Euskaraldia ariketa ezaguna izateaz gainera, "gizartean txertatua eta normalizatua" dagoela izan da balorazio nagusia. Ahobizi eta belarriprest rolen ulertzea, parte-hartzearen egonkortzea, entitateen konpromisoa edo batzordeen lana azpimarratu dituzte besteak beste. 

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako kultura eta hizkuntza politikako sailburua eta bozeramaileak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko herritarrekiko harremanetarako kontseilariak, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak batu dira hirugarren edizioaren balorazio egiteko. Haiekin batera, hainbat batzordetako eta entitateren kideak egon dira. Parte-hartzaile guztiei dei bateratu bat egin diete eman dituzten urratsei segida emateko bihartik aurrera ere: "Jarrai dezagun hizkuntza ohiturak aldatzen eta euskararentzako gune erosoak sortzen".

Hasteko, "Euskaraldia gizartean normalizatu eta finkatu dela uste dugu ekimenaren antolatzaileok", adierazi dute. Horrekin batera, herritarek ariketak proposatzen duena ulertzen dutela uste dute: "Partaideek badakite hau ez dela euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina bat". Gainera ekimen honen helburu nagusia den "lehen hitza euskaraz" aurrerapauso handia eman du. Ikerketaren ostean, uste da "proposatzen diren ahobizi eta belarriprest rolei lotutako portaerei eusterakoan, norberaren euskararen erabilera hazi egiten dela".

Aurreko edizioaren parte hartze kopuruan egon da hirugarren edizioa. 161.099 lagunek izena eman edo berretsi dute aurtengo edizioan, "oso datu ona" antolatzaileentzat. Era berean, parte-hartzea berretsi ez duten askok parte hartu dutela uste da Euskaralditik: "Izena eman dutenak baino herritar gehiago hurbildu dira txapak jasotzera antolatutako banaketa puntuetara".

Entitateen gero eta inplikazioa handiagoa eskertu dute. Guztira 6.634k eman dute izena eta 8.563 egoitzatan sortu dituzte ariguneak, "Aurreko ariketetan iritsi ez ginen eremuetara iritsi gara aurtengoan", aipatu dute. Ekimena "babestu eta neurri zehatzak hartzeko apustua" egin dute entitateen kasuan aldaketa esanguratsuak emateko urratsak ematen hasi direla ikusten da antolatzaileen arabera. 

Ondorio nagusia

"Milaka pertsonak ariketa hausnartuta eta modu sakonean egin dute eta erronkak jarri dizkiote bere buruari eta erronka horiek lortzen saiatu dira 15 egunetan", ondorioztatu dute. Txaparen erabilera partaideen "estres linguistikoa murriztu" egin duela onartu dute. Izan ere, hauen bidez uste baino jende gehiagok euskara ulertzen duela ikusi daiteke. Hala ere, ondorio gehiago eta zehatzagoak ateratzeko ikerketara itxaron beharko da azaldu duten moduan. Balorazio honekin amaitzeko, eskerrak eman nahi izan dizkiete Euskaraldiko batzorde guztiei. 

Aurrera begirako erronkak

Txapen erabileraren inguruan kezka erakutsi dute eta hausnarketaren beharra azpimarratu dute. Izan ere, nahi baino txapa gutxiago ikusi dituzte eta hau erabiltzearen garrantzia berretsi dute, "ariketarako beharrezkoa baita". Gehiago ikus daitezen zer aldaketa egin beharko diren aztertuko dutela men egin dute.

"Epe luzeko lana" izango dela onartu eta arau sozialak aldatzeko lanean" daudela adierazi dute. "Euskaraldia bi urtean behin egiten den ariketa da, baina behar beharrezkoa da, aurreko edizioetan esan dugun modura, euskararen erabilera sustatzeko bestelako ariketa praktikoak ere egon daitezen", esan dute antolatzaileek. Ediziotik ediziora norbanakoen hizkuntza ohituretan aldaketak egiten jarraitzen nahi dute eta bi urtean behin aldaketa horien erakuslehio izatea.