Mamikiren agurra

uriola.eus 2022ko abe. 13a, 10:04

Aurtengo Aste Nagusian konpartsa feministaren txosnaren falta sumatu zuten bilbotarrek, eta orain, berriz, agur esan dute, federazioa utzi dutelarik. 43 urtez egon da martxan talde morea, eta etorkizunean izango duten jarduna definitzen hasteko asmoa agertu dute zikloari amaiera eman ostean.

1979an sortu zen Bilbon Mamiki konpartsa, Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren eskutik. Urte luzez borroka feministarentzako bozgorailua izan da jai eremuan, eta topagunetzat izan dute emakume askok eta askok.

"Ez da erraza agur esatea, are gutxiago 43urtez elkarregaz jaiak herrikoiagoak, feministagoak izan daitezen goxatu, lan egin eta borrokalagun izan dugun Mamiki konpartsari", adierazi du Bilboko Konpartsen federazioak. Hala ere, erabakia onartu eta bide berrian berriz ere elkar topatzeko nahia adierazi dute.

"Bestelako bide batzuk jorratzea" dagokie orain Mamikiko kideei, agurraren berri emateko zabaldutako idatzian azaldu dutenez. Pozik azaldu dira urte guztiotan jai herrikoietan parte hartu eta horiei ikuspegi feminista eman izanagatik. Ildo beretik, ibilbide osoan zehar bidelagun izan dituztenei eskerrak eman nahi izan dizkiete.

Bada, ziklo hori amaitutzat jota, aurrerantzean landuko dituzten adarrak definitzen hasiko dira: "Orain aukera berriak zabaltzen dira jaien adarrean borroka feminista ikusgarri egiten jarraitzeko eta hainbat planotatik patriarkatua deseroso sentiarazteko. Beraz, behin betiko agurra eman baino, "gero arte" esan du Mamikik.