Urrunketarem eta salbuespen politikaren amaiera eskatu dute Sare-ko gazteek

uriola.eus 2022ko abe. 14a, 10:30

Urtarrilaren 7an Bilboko kaleak betetzeko deia egin dute. Euskal preso eta iheslariak etxera ekartzeko gaitasuna erakutsi eta gatazkaren ondorioak bizi dituen azken belaunaldia izan nahi dute. 

Agerraldia egin dute Sare-ko gazteek La Casillako kioskoan, urtarrilaren 7ko manifestazioari begira. Gazteriari, haien belaunaldi osoari, beraiekin batera Bilbon egoteko deia zabaldu diete. Bi urte daramatza manifestazioak burutu gabe, osasun neurrien ondorioz, eta 19 preso urrunduta daudelarik "gatazkaren muinetara begiratu eta konponbideak erdietsi" nahi dituzte gazteek.

Euskal Herrian hamarkadak iraun duen gatazkak "hamaika arlo oraindik lantzeke daudela" agerian utzi duela adierazi dute. Azkenaldian urrunketa politikan aldaketa gertatu da, eta azken hamarkadan "elkarbizitza eta bakerako bidean" hainbat pauso eman dira, Sarek adierazi duen moduan, baina oraindik urrunduak dauden presoak badaude.

"Oraindik ere salbuespenezko espetxe politikaren gogortasuna ezagutzen dugu" adierazi eta "oraindik salbuespenezkoak diren beste neurri asko indarrean daude", gaineratu dute. Sare-ko gazteentzat "bereziki kezkagarriak" dira audientzia nazionaleko fiskaltzatik errekurrituta ematen diren erregresioak: "Mendeku hitza soilik dakarkigu burura". Horrekin batera, oztopo nagusitzat estatuaren zein eskuin muturraren esku-hartzea aipatu dute: "Herri oso bat iraganean eta gatazkara kateatzea bilatzen dute".

Konponbidea aurkitu eta lortu dezaketela uste dute gazteek, eta euskal preso eta iheslariak etxera ekartzeko gaitasuna erakutsi nahi dute. agerraldian aipatu duten moduan. Gatazka lehen pertsonan ez arren, "momentu historiko honek eskatzen duen erantzukizuna" beren gain hartzen dute.