Azaroan egindako greba egunen ostean, beste greba aste bat hasi dute gaur Bizkaiko nagusien egoitzetako langileek, LAB-ek deituta. Aste honetan haien borrokari ikusgarritasun handiagoa eman nahian eta bizi duten egoera "kritikoa" salatzeko asmoz, Atxuriko elizan hiru eguneko itxialdia egin eta protestak kaleetara eramango dituzte ostiralera arte.
Nekane Olalde Ermuako Abeletxe egoitzako langileak, itxialdian parte hartu duenak, "funtsezko langileak" direla azpimarratu eta "zerbitzu publikoa" ematen dutela gogorarazi du. Izan ere, sektore publikoko langileen lan baldintzak izatea da eskaera nagusietako bat. Garbiñe Aranburu LAB-eko idazkari nagusiak, "zaintza sistema publiko baten aldeko urratsak eman" beharko liratekeela adierazi du.
Gaurko greba egunean, Foru Aldundia seinalatu dute erantzule nagusi gisa. Negoziazioari "uko" egitea eta sektoreko hitzarmenaren mahaia blokeatzea leporatu diote. "Patronala presionatu beharko luke mahaiaren desblokeoan", aipatu du Aranburuk. Era berean, langileek eskatzen dituzten baldintzak aurrera eramateko "Aldundiaren eta enpresen borondatea baino ez da behar", Olalderen esanetan.
Sektore pribatuko langileak, eros-ahalmenaren galtzearekin batera 300 euro pobreago direla eta langile publikoek baino %50 inguru gutxiago kobratzen dutela salatu du Abeletxe egoitzako langileak. Horrekin batera, "lan-bizitzako azken urteei aurre egiteko neurriak 55 urtetik aurrera", 100%eko baja-osagarria, bajak lehen egunetik ordezkatzea eta lan-osasunari buruzko neurri errealak eskatu dituzte.
Zaintza duina ekiditen duten baldintzak
Ratioez hitz egiterakoan, gaur egungoekin "zaintza duin bat ematea ezinezkoa" dela gaitzetsi du langileak: "Pertsona bat 10 minututan garbitu, jantzi eta dutxatzea, gauean 30 edo 35 egoiliarren ardurapean egotea, 15 pertsona oinarrizko jardueretan zaintzen saiatzea, egiten ez diren edo berandu egiten diren pardel-aldaketak, lesioak eta zauriak saihesteko jarrera-aldaketak besteak beste". LAB-eko idazkari nagusiak kalitatezko zaintza bat eskaintzeko ezinbestekotzat jo du "lan baldintzak hobetzea, soldatak hobetzea, ratioak murriztea edo publifikazio prozesuetan urratsak ematea".
Egoera horri buelta emateko, gutxieneko ratioak proposatzen ditu sindikatuak: "Gaueko ratioa 2 gerokultore/zaintzaile izatea 15 egoiliarreko, eguneko ratioa gerokultore/zaintzaile batena izatea 4 egoiliarreko eta erizaintza-zerbitzua 24 orduz egotea, eta gutxienez erizain bat 16 egoiliar bakoitzeko". Olalderen arabera, lau egoiliarreko zaintzaile bat izateak 3.300 lanpostu berri sortuko lituzke, egoiliar bakoitzeko eguneko 24 euroko inbertsioarekin.
Datorren bi egunetako ekintzak
Gaur arratsaldean lehen egunari amaiera emateko hitzaldia egingo dute Ainhoa Etxaide eta Arantza Zuluetak Atxuriko elizan: "Hitzarmena borrokatuz gure burua zainduz". Bihar, abenduak 15, 08:30ean grebalariek ekintza egingo dute eta 11:00etan kontzentrazioa egingo dute batzar nagusien aurrean. 18:00etan itxialdiko grebalariekin elkargunea egingo dute eta 19:30ean poteo musikatua. Azkenik, hiru greba egunei amaiera emateko txaloaldia egingo diete grabalariei 10:00etan abenduaren 16an.