BilbaoArte-ren erakusketa-gunea lekualdatzeko proiektua onartu da

uriola.eus 2022ko abe. 15a, 11:05

Mazarredo zumarkaleko 22. zenbakian dagoen lokalaren barrualdea eta kanpoaldea egokitzeko obrak datozen egunetan lizitatuko dira. 998.217,66 euroko aurrekontua izango du eta bost hilabeteko epean gauzatuko da. 

BilbaoArte-k egoitza berri bat izango du datorren urtetik aurrera. Udalak aurrerapauso bat eman du handitzeko prozesuan eta Abandoibarrako lokalaren barnealdea eta kanpoaldea egokitzeko obrak kontratatzeko espedientea onartu da. Hiriko kultur bizimoduaren sarean barneratzeko asmoz, Guggenheim eta Arte Ederren museoetatik gertu jarri nahi izan da. Proiektua esleitu ostean, 639,50 metro koadroko lokala egokitzeko bost hilabete egongo dira.

Lokala, Recalde zumarkaleko 22. zenbakiaren -4 pisuan dagoen arren, bi sarbide izango ditu kanpotik eta fatxada oso bat Uribitarte pasealekutik ikusi daiteke. Guztira, 536,90 metro erabilgarri ditu lokalak eta erakusketa-aretoak, 400 metro koadro izango ditu eta kaletik sarbidea izango du; artxibo, bulego eta zerbitzuetara. Sistema inguratzailea eta espazioaren banaketa eta haietarako instalazioak gauzatuko ditu Udalak. Halaber, beirazko fatxada bat jarriko da pasealekuari begira. Udalak argitu duen moduan espazioaren banaketan hurrengo irizpideak hartu ditu kontuan: erabilera asko eman ahal izatea, moldagarritasuna eta zabaltasuna.

Egoitzan hobekuntzak

Eremu berri hau egokitzearekin batera, Urazurrutiako egoitza hobetuko da, espazioak artistaren beharretara egokitzeko asmoz. Hirugarren solairua berregituratzeko obrak datozen asteetan hasiko dira eta horrek eragingo du otsailetik aurrera toki bat egotea, argazkigintza, inprimaketa eta medialab, grafika eta eskultura tailerrak batzeko. Artistek erabiltzeko estudioak lehen eta bigarren solairuetan egongo dira.