"Ikasturtez ikasturte, hezkuntza sistema aldatuko denaren itxaropenarekin bizi gara ikasleok,
baina argi dago batzuek ez dutela aldaketak egiteko asmorik", halaxe hasten da Ikama ikasle antolakundeak gaurko, abenduak 15, Euskal Herriko hainbat txokotan antolatu dituen mobilizazioetarako zabaldutako irakurketa. Bada, egoera horren aurrean desadostasuna plazaratzeko asmoz, "zuenak ez digu balio, hezkuntza gure neurrira" lelopean zeharkatu dituzte kaleak.
Alde batetik, "genero eta sexu rolekin amaitu eta, zaintzan oinarrituz, pertsona ororentzako espazio segurua" izan beharko luke hezkuntzak, Ikamaren ustez. Horrez gain, Euskal Herria ardatz izan beharko luke, "gure hizkuntza, historia eta kulturaren transmisioa bermatzeko". Bolo-bolo dabilen segregazioaren gaiari ere heldu diote, eta zera aldarrikatu nahi izan dute: "Heziketa prozesu duin baterako aukera izateko klase sozial, sexu, arraza, erlijio zein bestelako ezaugarriek inor baldintzatu gabe". Azkenik, ikuspegi ekologista txertatzea ere ezinbestekotzat jotzen dute, "momentuko egoera kritikoki aztertu eta bizimodu sostengarri berriak eraiki ahal izateko". Elementu horiek guztiak bildu beharko lituzke, Ikamaren ustez, ikas-baldintza duinak dituen hezkuntza ereduak.