Urtearen hasieran izan zuen mugimendu feministak erasoaren berri, eta orduz geroztik elkarretaratze zaratatsuak eta bestelako protesta ekimenak eraman dituzte aurrera; izan ere, nabarmendu dutenez, "tabernariak barra atzean jarraitzen du, harro eta erasokor". Bada, ekintza horien harira poliziak hogei bat kide identifikatu ditu, eta, feministek salatu dutenez, "indarkeriazko jarrera" izan dute haiekin: "Inguratu gaituzte, mehatxuekin beldurtzen saiatu dira eta kalez jantzitako poliziek jarraitu gaituzte modu erasokorrean identifikatzeko".
Horrez gain, baina, identifikatuetako bik 2500 euroko isunak jaso dituztela azaldu zuten atzo arratsaldean San Frantziskoko udaltegian egindako agerraldian. Isun horiek, diotenez, "Bilboko udaltzainek asmatutako gezurretan" daude oinarrituta. Bada, horren aurka egiteko epaitegietara jo behar izan dute, eta laster, urtarrilean, epaiketa izango dute aipatutako kide biek.
Mugimendu feministak ozen salatu nahi izan du honako hau: "beste behin ere, gure arteko zaintza feminista da jazartu, mehatxatu, zigortu eta kriminalizatzen dena". Algortako mugimendu feministarekin gertatutakoa ere kriminalizazio horren beste adibide bat da. Udako jaietan ziztadaz erasotua izan zen emakume bat, eta erasoen aurkako protokoloa aktibatu zuten horri aurre egin eta emakumea babesteko. Bada, Ertzaintzak mugimendu feministako kideak salatu zituen haien jarduna oztopatzeagatik. Eredu horrekin ikusarazi nahi izan dute Bilboko feministek orain gertatu dena ez dela kasu isolatua.
Bada, argi esan nahi izan dute emakumeak eta feministak kriminalizatzen edota erasotzen badituzte, "ahal dutelako" dela: "Eta ahal dutelako jarraitzen dute bortxatzaileek eroso eta lasai. Sistema oso batek babesten ditu". Hala, uste dute egoera honek erakusten duela oraindik ere erasotuaren errelatua zalantzan jartzen duten ahotsak daudela, baita beste alde batera begiratzea nahiago dutenak ere, "propaganda morez inguratuta gauden garai honetan".
Erresistentzia kutxa eta hurrengo hitzorduak
Gertatutako guztiaren aurrean, baina, babesa antolatzen jarraitzeko asmo irmoa azaldu dute agerraldian. Hala, kideei ezarritako isunak ordaintzeko erresistentzia kutxa eta saltzeko materiala prest daukate. Uka artistak beren-beregi diseinatutako lamina bat eskuratu ahal izango da Zirika!-ren lokalean martxan dagoen Herri Dendan (Erronda kalean), baita Kalamiak eta Akelarre talde feministen sare sozialen bitartez ere.
Bestalde, jakinarazi dute epaiketa urtarrilaren 10ean izango del Bilboko epaitegian, eta horren harira mobilizazioak antolatuko dituztela. Urtarrilaren 5ean izango da lehena, eta aurrerago emango dute xehetasun gehiago.