Cabaret Chihuahuaren bederatzi emanaldi egingo dituzte Pabellon 6 aretoan, datorren astean hasita. 2013an estreinatu zen ekoizpen arrakastatsua bere 10. urteurrenera iritsiko da. 10 urte hauetan zehar, 200 emanalditik gora eskaini dira, eta 17 antzezle pasatu dira.
“Felipe Lozak sortu eta zuzendutako komedia musikal lotsagabea giro euskal mexikarrean garatzen da, eta bertan kontatzen den istorioak, zoritxarrez, gaurkotasuneko gaia izaten jarraitzen du”, azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, hiru urteko krisialdiaz hitz egiten zen antzezlanaren estreinaldian; oraingo honetan, ordea, 12 urte aipatzen dira. Lan-prekarietatea, etxegabetzeak, bankuen abusua, lehen munduko arazoak, miseria… “bere horretan jarraitzen duten gaiak” omen dira antzezlanean azpimarratzen direnak. Gai ilunak izan arren, zuzeneko musikarekin eta umore handiarekin lagunduta dagoen komedia da antzezlana.
Pertsonaia ikonikoak hezurmamituko dituzte antzezleek, hala nola Sabino Arana, Marilyn Monroe, Freddie Mercury… Aktore lanetan arituko direnak, berriz, honako hauek izango dira: Iñaki Maruri, Adrián García de los Ojos, Itxaso Quintana, Olatz Ganboa, Quique Gago, Jon Casamayor, Irene Bau, Diego Pérez, Unai Izquierdo, Ugaitz Alegria, Mitxel Santamarina eta Karmele Larrinaga.
Ibilbide luzea daraman kabaret honen arrakasta ikusleei zor zaie hein handi batean, eta sortzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete: “Ikusle horien erreakzio, iruzkin eta ahoz-ahoko gomendioek antzezlana hamarkada batez mantentzea lortu dute”.
Ikuskizunak 110 minutuko iraupena izango du (atsedenaldia barne), eta sarrerak aretoaren webgunean eskura daitezke.