Rosa Rodero (ETAk 1993an hildako Joseba Goikoetxea ertzainaren alarguna), Ibon Garate (bere anaia, Rubén Garate, 2000 urtean hil zen ETA-ko kide kartzelatu bat Alcalá Mecon bisitatzetik bueltan zihoala) eta Unai Romano (2001ean Guardia Zibilak torturatuta) batu dira gaur Euskal Herrian bizikidetza berreraikitzen hasteko unea dela azpimarratzeko. "Ezinbestekoa da aurrera egiteko borondatea, gutako bakoitzak sufritu duguna ahaztu gabe, baina gorrotorik gabe", adierazi du Ibon Garatek. Aldarrikapenekin batera, SARE herritarrak urtarrilaren 7an deitu dituen ekitaldi guztiekiko babesa adierazi dute.
Nahiz eta ideologia partekatzen ez dutela edo gai askoren inguruko pentsaera ezberdinak dituztela onartu, Garatek gogorarazi du garrantzitsuena dela "guztiak direla hamarkada luzez hainbeste min eta sufrimendu eragin duen indarkeriaren biktimak". Enpatia eskatu du dispertsioaren biktimak: "Bestearen sufrimendua onartzea eta ulertzea, baina, batez ere, ahal dugun guztia egitea guztiontzako irtenbide duinak lortzeko". Horretarako, hitz egitea eta elkarri entzutea eskatu du, "bestearena hobeto ulertzeko eta elkarbizitzarako aurrerapausoak emateko.
Gaur egindako agerraldian urtarrilaren 7an manifestazioan egongo direla adierazi dute. Goizean, Euskalduna Jauregian, elkarbizitzarako bidean aurrera egiteko premiak batuta, biktima batzuek aurrera egiteko pausuak nola eman aztertuko dituzte. Euskal Herriak zauriak ixten hasteko mobilizazioa dela adierazi eta bi aldarrikapen nagusi egin dituzte agerraldian.
Biktimen eskaerak
Salbuespenik gabe, "aitortzeko eta laguntza emateko neurriak" aplikatzea eskatu du Garatek: "Indarkeria jakin batek eragindako mina ez da beste zeinu bateko indarkeria batek eragindakoa baino handiagoa edo txikiagoa kasu batean ere ez". Horrekin batera, euskal presoen egoera konpontzeko "konponbide justua eta legala" eskatu du. "Euskal presoak etxera itzultzeko bidea hasteko garaia da", Ibon Garateren hitzetan. "Gure nagusiek utzi ziguten gizartea baino hobea utzi nahi diegu gure seme-alabei eta gure ilobei", gaineratu du.