137 ekoizle eta 238 etxola izango dira Areatzan San Tomasen 73. edizioan

uriola.eus 2022ko abe. 19a, 16:58

09:00etatik 20:00etara izango da azoka, ohi bezala. 10 produktu produktu egongo dira postuetan eta pintxo eta putxera solidarioak antolatuko dira. Plaza Barriko postuen lekualdatzeak haserrea eragin du baserritarengan. Bilboko Konpartsak-ek egun osoko egitaraua prestatu du. 

Bi urteren ostean bueltan da Bilboko azokarik famatuena. San Tomasen 73. edizioak Areatza txosnaz eta postuez beteko du abenduaren 21ean. 09:00etatik 20:00etara, nekazaritzako eta abeltzaintzako azokak eta lehen sektoreari lotutako proiektuak bultzatuko dira. Aurten, berrikuntza gisa, Plaza Berrian jartzen ziren txosnak Arriagaren albo batean jarriko dira, itsasadarraren ondoan. Bilboko Konpartsek prestatutako egitaraua Bilboko irratien maratoiarekin hasi (09:00etan) eta 19:30ean amaituko da, elektrotxarangarekin eta Bilbo Kantarirekin. 

Baserritarrek 10 kategoriatan banatuko dituzte produktuak postuetan: Haragi eta Deribatuak: 8 ekoizle; Kontserbak: 17 ekoizle; Frutak: 5 ekoizle; Barazki edo ortuariak: 13 ekoizle; Esnea eta esnekiak: 22 ekoizle; Eztia: 9 ekoizle; Ogia eta pastelak: 21 ekoizle; Landareak: 3 ekoizle; Sagardoa eta txakolina: 19 ekoizle eta Askotarikoak: 4. Halaber, BBK antolatzaileak belaunaldi erreleboa saritzen jarraituko du eta ekoizle gazteenari saria emango dio, eta emakume baserritarra ere sarituko du. "San Tomas da BBK-k urte osoan lehen sektorearen alde egindako apustuaren amaiera", adierazi du Nora Sarasolak, BBK-ko Gizarte Ekintzaren zuzendariak.

Elkartasunerako eguna ere izango da San Tomasekoa. Bisubi sukaldarien fundazioarekin lankidetzan, bi ekitaldi solidario egingo dira, eta bildutako dirua Aspanovasera joango da, minbizia duten ume eta nerabeen gurasoen Bizkaiko elkartera. Bisubiko sukaldariek Balmasedako 5.000 indaba-anoa prestatuko dituzte.

Bestalde, sukaldariek ere, in situ sortuko dituzte Areatzako kioskoan hainbat pintxo, azokan bertan erositako produktuekin. 30 minutu inguru iraungo du saio bakoitzak eta jendearen artean banatuko dira pintxoak, nahi dituenak dastatzeko eta ekarpen solidarioa egiteko. Azken enkante bat egingo da, jendea animatzeko parte hartzen diseinuko putxera baten zozketan. Jon Maia izango da ekitaldien dinamizatzailea. 

Leku aldatze polemikoa 

Haserrea sortu du postu guztiak Areatzan jartzeko erabakiak, Plaza Barrian zeudenak barne. Lekualdatze hau, Asier Abaunza Bilboko Hirigintza Plangintzako zinegotziaren esanetan, "azoka sustatzeko arrazoiarekin izan da, postu guztiak ingurune berean bateratuz". Ideia horrekin ez dira batere ados agertu baserritarrak, Euskal Nekazarien Batasunean babesturik. ENBA-k udalari egotzi dio "tabernetako terrazak bezalako aisialdia lehenestea baserritarren interesen gainetik". Bilboko zinegotziak argitu du aldaketek orokorrean sortzen duten zalantza eta ezinegonak direla baserritarrenak. Postuen antolaketa berriak "kalte" egingo diela uste dute baserritarrek. 

Konpartsen egitaraua

San Tomasekin batera egun osoko egitaraua antolatu dute Konpartsek azokaren giroa gehiago animatzeko. 09:00etan hasiko da eguna, Bilboko irratien maratoiarekin. 11:00etan txosna irekiko da eta egutegien eta zozketarako zenbakien salmenta egingo da. Ordubete beranduago, gune gastronomikoa antolatuko da, txalapartaz girotuta.

Jarraian, Oihana Bartrak, Aissa Intxaustik, Unai Mendiburuk eta Asier Alcedok bertso saioa egingo dute 13:00etan. 14:00etan gaiteroen txanda izango da, eta 16:30ean dantza plaza egingo da. Egunarekin amaitzeko, 18:00etan nekazal produktuen otzaren zozketa egingo da eta 19:30ean, amaiera borobila emateko, elektrotxaranga eta Bilbo Kantari.