Ekainean egingo dute 2023ko Zinegoak

uriola.eus 2022ko abe. 20a, 11:17

Orain arte otsaila eta martxoa bitartean izan bada ere, datorren ediziorako data aldatu dute, LGTBIQ+ zinema festibala sexu askapen eguna den ekainaren 28aren bueltan egiteko asmotan. Berezia izango da gainera 2023koa, egitasmoak 20 urte beteko baititu.

Ekainaren 26an hasi eta uztailaren 1ean amaituko da 2023ko Zinegoak jaialdia. Ohi bezala, filmen emanaldiak, antzezlanak, gogoeta guneak, eztabaidak, topaketak, hitzaldiak eta festaren bat antolatuko dute. Jaialdiaren inaugurazio ekitaldia Arriaga Antzokian egingo dute oraingoan ere, eta gainerako jarduerak jaialdiaren ohiko egoitzetan eramango dituzte aurrera (Bilborock, BilbaoArte, Alondegia...). 

"Ekainean, beraz, ezinbesteko hitzordua izango dugu sexu, identitate eta genero aniztasunari buruzko zinemaz eta kultur jarduerez gozatu nahi dutenentzat", adierazi dute antolatzaileek. Halaber, Zinegoaken hedadura maiatza, ekaina eta uztaila bitartean egingo da. Aurreko urteetan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 50 udalerrik baino gehiagok parte hartu izan dute. Ohi baino beranduago izaki, oraingoz ez dute egitarauaren berri eman, baina 20. edizio borobila prestatzen hasia da jada lantaldea.

Zinegoak 2004an sortu zen kulturaren, zinemaren eta arte eszenikoen bidez sexu aniztasunaren inguruan sentsibilizazioa lantzeko asmoz, eta 20 urteko ibilbidean zehar erreferentzia bihurtu da LGTBIQ+ gaiko ekitaldi zinematografiko eta eszenikoen artean. Edizioz edizio handitu egin da bere publikoa. Hala, 2022an  35.000 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte jarduera presentzialetan zein birtualetan.