Olentzero eta Mari Domingi barikuan iritsiko dira Bilbora

uriola.eus 2022ko abe. 20a, 13:35

Gabon jaiak gainean ditugu, eta protagonisten desfilea hilaren 23an izango da Bilbon, 18:00etan hasita. Carlton hotelean hasi eta Arriagaraino joango dira Olentzero, Mari Domingi eta laguntzaile guztiak, eta neska-mutikoak agurtuko dituzte bidean zehar.

Nobedade gisa, aurtengoan, desfileak buelta osoa emango dio Moyua plazari (zirkulazioaren aurkako noranzkoan), eta, gero, Kale Nagusitik joango da Arriaga plazaraino.

Kalean, Olentzerok egurrezko bere pottoka handiaren bridak berreskuratuko ditu. Harekin egongo dira Mari Domingi, antzarrean, Basajaun, trizikloan eta Lamia, desfilea girotzen bere ahots ederrarekin. Ez dira bakarrik egongo. Eta, familien eta kuadrillen ilusioa are gehiago pizteko, eta Olentzeroren segizioa bidean galdu ez dadin, Galtzagorrien talde bitxiari kide berriak batuko zaizkio: hiru ipurtargi erraldoi. Beren argiarekin, Olentzero eta lagunak gidatuko dituzte Arriaga Antzokiraino.

Arriaga Antzokian, arratsaldeko zazpiak aldera, Olentzeroren musikari-banda jotzen hasiko da eta kalejirako kide guztiek izango dute beren tartetxoa eskainiko duten antzerki-musikal ikusgarrian, non Olentzeroren istorioa kontatuko dieten bertaratutako guztiei. Nola ez, Gabon kantak ere ez dira falta izango.

Larunbatean gutunak jasoko dituzte

Hurrengo egunean, abenduaren 24an, Olentzerok eta Mari Domingik umeen gutunak jasoko dituzte goizez, 11:00etatik aurrera, Arriaga Antzokian. Hartara, gauean zehar banatu beharreko opariak eskatu ahal izango dizkiete haurrek.

Aurtengoan, itxarote-denborak ahalik eta laburrenak izan daitezen, Udalak ONLINE jarriko ditu SARRERAK (1.500). Herritarrek DOAN lortu ahalko dituzte, www.bilbaokultura.eus webgunean.

Sarrerak abenduaren 22ko (eguena) 10:00etatik aurrera egongo dira eskuragarri. Erreserba bakoitzeko, NAN batekin, 4 adingaberentzako sarrerak jaso ahalko dira. Adingabeak bi helduk lagunduta joango dira, gehienez (helduek ez dute gonbidapenik beharko).

Egitarau osoa

KALEJIRA, abenduaren 23an (astelehena):

  • 17:50: Olentzero eta Mari Domingiren agurra, Carlton Hoteleko balkoitik.
  • 18:00: Kalejira abiatzea, Moyua plazatik.
  • 19:00: Ikuskizuna Arriaga Antzokiko plazan, Olentzero eta Mari Domingiren musikarien bandaren eskutik.
  • 19:30: Olentzero eta Mari Domingiren despedida.
  • 19:35: Olentzero eta Mari Domingiren agurra, Arriaga Antzokiko balkoitik.

UMEEN HARRERA, abenduaren 24an (martitzena):

  • 11:00-14:00: Olentzero eta Mari Domingiren harrera, Arriaga Antzokian.
  • 11:00-14:00: Talo-tailerra.
  • 11:00-14:00: Makillaje artistikoko tailerra.
  • 11:00-14:00: Erromeria, Ein GO Kantan eta Dantzan taldearekin.
  • 12:30: Deabrukeriak taldearen ikuskizuna: Plaza Abordaia!