EHU-ko ikerlarien baldintzen hobetzea eskatu du UIB-k

uriola.eus 2022ko abe. 20a, 17:36

Euskal Herriko Unibertsitatean enpresa pribatuek duten esku-hartzea salatu dute. EHUren ikerketa lerroen "interes ezkutua" kritikatu eta langile sektoreen kalitatezko lan baldintzen alde antolatzen jarraituko dutela azpimarratu dute. 

Unibertsitateko Indar Batasunak kontzentrazioak antolatu ditu EHU-ko campus guztietan ikerlarien egoera salatzeko. Ikerketak aurrera eramateko enpresa pribatuei ateak irekitzea "ez da inondik inora gizartearen ongizaterako", salatu dute. Horrekin batera, ikerlariak baldintza "jasanezinak" onartzera behartuta daudela adierazi dute.

Emandako datuen arabera, inbertsio pribatuak ia bikoiztu egin dira 2019tik aurtengo ikasturtera bitarte. Erakunde zein gobernutik jasotzen den diru-iturriak "nahikoak ez direnez", EHUk enpresa pribatuei ateak irekitzen dizkie haien inbertsioak egiteko. "Enpresa hauen beharrak asetzeko zuzen-zuzenean martxan jartzen diren ikerketak dira", salatu du UIBk. 

Enpresekin lotura forma askotarikoak aipatu ditu eragileak. Graduei begira, ohikoa bihurtzen ari den praktikaldien derrigortasuna "ikasleok lan mundura geroz eta azkarrago integratzeko apustu garbia dira". Halaber, gradu zein master desberdinak enpresa pribatuengatik zuzen-zuzenean finantzatuta daudela gaitzetsi dute. Adibide bezala aipatu dituzte ITP eta Sener enpresek San Mames fakultatean finantzatzen duten aeronautikako masterra edo Aeronautikako EHUko zentroa Zamudion, 39 enpresek finantzatzen dutena.

Ikasketa hauekin batera, enpresa pribatuek ikerketetan duten "interbentzioa" azpimarratu dute: "EHUren gaitasun ekonomikoen mugen aurrean enpresa hauek ikerketara bideratutako enpresa gelak edota materiala eskaintzen die". Horren ondorioz, ikerketak enpresa horien mesedetara dagoen edukia ekoiztea eragiten du UIB-ren iritziz.

Ikerlarien lan-baldintzak

Prozesu horretan ikerlariek jasaten dituzten baldintzak ere, "jasanezinak" direla salatu dute: "Lan egiteagatik tasak ordaindu behar izatea, dozentzia klaseak ez kobratzea, ikerketak burutzeko baliabide egokiak ez izatea, bulegoak adibidez, baja hartzeko trabak edota tutore autoritarioen jarrera onartezinak jasatea". Urtero berritu behar dute beka eta horretara urtero aurkeztu behar dute ikerketa plana. "Egonkortasun falta handia" dakarrela adierazi dute. EHUren prestigio eta diru-iturria handitzeko orduan "paper garrantzitsuena jokatzen dutenak" izan arren baldintza hauek jasan behar dituztela kritikatu du UIB-k.

Unibertsitate publikoari leporatu diote ikerlarien lan baldintzen aurrean ezer ez esatea: "Ikusgarria da beraz EHUren pribatizazioan aurrerapauso nabarmenak ematen ari direla eta honetan jarraituko duela argi adierazi du EHUk". Egoera honen aurrean ezinbestekotzat jo dute "unibertsitateko adar ezberdinak enpresa pribatuen interesengatik baldintzatuak ez izatea". Baldintza guzti hauen aurrean antolatzen jarraituko dutela argi utzi dute.