Bilboko Udalarena izango da Marijaia aurrerantzean. Aste Nagusiko bederatzi egunetan zehar, sinbolo eta irudi nagusi den pertsonaia Mari Puri Herrero sortzailearen eskuetatik udalaren eskuetara pasa da 440.000 euroren truke. Horren erreprodukzioa eta banaketa egongo da udalaren esku, baita komunikazio eskubideak ere. Halaber, urtero Mariajaia eraikitzeko gida bat eman dio Herrerok Juan Mari Aburtori.
Kontratuaren ofizialtze ekitaldian Kepa Junkera gogorarazi nahi izan du alkateak. Musikari bilbotarrak sortu zuen Marijaiari omenaldia egiten dion Badator Marijaia abestia. "Melodia hori gai da gu guztiok hunkitzeko entzuten dugun bakoitzean", adierazi du Aburtok. Bilbokoak, Marijaiarik gabe ulertzen ez diren jaiak direla gaineratu du.
1978ko abuztuaren 19an sortu zuen Herrerok Marijaia, Jai Batzordeak aginduta, eta urte honetara arte harenak izan dira eskubideak. 44 urte hauetan elkarlanean aritu da udalarekin. Urtero-urtero erretzen da, eta horregatik berri bat egin behar da. Udalaren erantzukizuna izango da lan hori aurrerantzean.