Urruntze politikaren amaiera aldarrikatzeko, urtarrilaren 7ko manifestazioaren atarian gehiengo sindikalak bat egin du mobilizazioarekin. Oraindik kanpoan dauden euskal presoen hurbiltzea, salbuespenezko espetxe politikaren amaiera eta euskal erakundeek espetxe politikaren gainean dauzkaten eskumenak errespetatzea izan dira aldarri nagusiak.
Prozesuan aurrerapausoa eman den urtea izan da 2022a, baina Mikel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak adierazi du "amaitu gabeko prozesua" dela. "Oraindik euskal presoak kanpoan daude. Dispertsioarekin bukatu behar da", azpimarratu du. Halaber, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak "egoera bestelakoa da eta geroz eta gertuago daude beraien etxeetatik" adierazi du: "Beharrezkoa ez den eta justifikaziorik ez daukan sufrimendu bat eragin du. Bai beraientzat eta bai beren senideentzat". UGT Euskadiko idazkari nagusiak, Raul Arzak, aipatu du euskal gizarteak "ahalik eta azkarren itxi behar duen zauria" dela, beti ere, biktimak ahaztu gabe.
Preso hauen tratamenduan fase berri bat irekitzea eskatu du Arzak: "Gobernuari exijitzen diogu 10 urteren ondoren beste urrats bat eman behar dela eta bere garaian hartu ziren salbuespenezko neurri judizial horiek desagertzen joan behar direla". Presoen "eskubideak urratzen" dituen politika da, Aranbururen esanetan. Bide horretan, auzitegi nazionalak presoen graduen harira jartzen dituzten helegiteekin amaitzea eskatu du Lakuntzak: "Gogoratu behar da eskumenak Euskal Herrian daudela espetxe politikaren kontuan".
Batasuna
LAB-ek batasun sindikalaren garrantzia azpimarratu du auzi honen harira: "Ez litzateke posible izango eremu politiko instituzionalean sindikatuen artean eta eremu sozialean ere adostasun zabaletara iristeko borondate eta determinaziorik izango ez bagenu". Ahotsa altxatzea eta kalean mobilizatzen jarraitzea "beharrezkoa" dela adierazi du sindikatuak, eta horren harira, urtarrilaren 7an Bilboko kaleak betetzeko deia egin du, beste guztiekin batera.