Bizitzaren garestitzearen aurka kalera ateratzeko deialdia

uriola.eus 2022ko abe. 26a, 13:42

Kontseilu Sozialistak manifestazioak deitu ditu hilaren 30erako Euskal Herriko hiriburu nagusietan. Proletalgoaren aurkako ofentsiba gelditu! Autodefentsa sozialista antolatu lelopean egin dute deialdia, eta Bilboko mobilizazioa La Casillatik abiatuko da 19:00etan.

Oinarrizko elikagaien prezioaren gorakada zein etxebizitza eskuratzeko zailtasunak edota langabezia salatu eta langile klasearen pobretzearen erantzuleak ikusaraztea da Kontseilu Sozialistaren asmoa; izan ere, egoera  “enpresariek beraien irabaziak handitzeko harturiko erabakien ondorio” dela adierazi dute, eta gaineratu nahi izan dute “politikari profesionalak eta instituzioak pairatzen ari garen erasoaldiaren parte direla”.

Azaldu dutenez, “langile klasearen bizi eta lan baldintzen aurkako ofentsibak lotura zuzena dauka langileriaren antolakuntzarako baldintza faltekin”. Bada, autodefentsa eraginkorra sustatzearen premia mahaigaineratu dute: “Izan ere, langile borrokaz irabazitako eskubideak babesteaz gain guztiontzat kalitatezkoak izango diren bizi-baldintzen alde jardun behar gara”. Ildo horretan, antolaketa sozialista aurrera eraman eta indartzea da egoera iraultzeko tresnarik eraginkorrena, deitzaileen esanetan.