Presoak etxeratzeko aldarri jendetsua dispertsioaren amaieraren atarian

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2023ko urt. 7a, 19:57

Manifestazioaren hasiera Zabalburun (Argazkiak: Jon Intxaurraga eta Uriola)

Sare Herritarrak deituriko manifestazioak, atzera ere pandemia aurreko eran eginikoak, Bilboko kaleak betetzea lortu du gaur arratsaldean.

Presoen gaian oraindik ere aldatu beharreko hainbat alderdi daudela azpimarratuta ere, mezu baikorra luzatu du gaurkoan Sarek, euskal presoen urruntzearen amaiera hurbil ikusten baitu antolakundeak. Aurtengo leloak ere, Etxera bidea gertu dioenak, hala irudikatzen du. Horixe izan da manifestazioaren amaierako mezuan lehenengo eta behin aipatu dutena: "34 urte pasatu dira, 1988ko Azaro hartan, Madrilek euskal preso politikoen eta haien familien aurkako urruntze-eta sakabanaketa-politika ankerra martxan jarri zuenetik. Gaur, Euskal Herriko bazter guztietatik iritsitako milaka eta milaka herritarren aurrean, esan dezakegu zaila izan dela, baina etapa hori irabazi egin dugula. Eta guztion artean irabazi dugu".

Arratsaldeko bostetarako deituta zegoen manifestazioa, baina ia ordubete beranduago abiatu dira pankartari eusten ziotenak, jendetza pilatu baita Autonomia kalearen hasieratik amaieraraino. Izan ere, azken manifestazioetan burua Casilla plazatik atera bada ere, aurten pankarta Zabalburun kokatu dute, hain zuzen ere martxan hasi aurretik kale zabal hori jendez beteta ikus zedin. Bada, abiatu aurreko itxaronaldi horretan, irrintzia, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusen bertsoak eta Huntza musika taldekoekin batera abestutako Txoria txori kantaren doinuak entzun dira.

 

Eta euskal herritarrek ez dute hutsik egin. Jendez gainezka egon da kalea ibilbide osoan zehar, harik eta udaletxera iritsi arte. Bertan, dispertsioaren auziaz gain, presoen aferarekin zerikusia duten hainbat gai jorratu dituzte. Esate baterako, gogoan izan dituzte senideak bisitatzera bidean zendutako guztiak, baita giltzapean jarraitzen duten guztiak ere. Estatu frantses eta espainiarren politikak salatzeaz gain, baina, subiranotasuna ere aldarrikatu gura izan dute, presoei buruzko erabakiak "hemendik hartzea" ezinbestekotzat jotzen baitute: "Hori da demokratikoa". Bestalde, honako hau nabarmendu dute bozeramaleek: "Indarkeria guztien biktima guztiek merezi dute gure errespetua haien minaren aurrean, eta gobernuen aldetik tratu berdina jasotzea ere merezi dute". Hala bizikidetzaren aldeko urratsak emateko eta "konponbidearen parte aktiboa" izateko konpromisoa berretsi nahi izan du Sarek gaur Bilbon.