Pentsiodunen Mugimenduak Bilboko kaleetan ospatu du bere 5. urteurrena

uriola.eus 2023ko urt. 16a, 18:14

Irudia: Maria del Rio Pereda

Astelehenero bezala, pentsio sistema duin bat eskatzeko ehundaka pentsiodun elkartu dira Bilboko udaletxearen aurrean.

Euskal Herriko beste hainbat lekutan bezala, Bilboko kaleak Pentsiodunen Mugimenduaren indarraren erakusle bihurtu dira. Begirada atzera botatzea aski da orain arte Mugimenduak lortu duenaz ohartzeko: 2018ko Alderdi Popularraren erreformaren arabera, pentsioek % 0,25eko gorakada izango zuten soilik; gaur egun, ordea, 5 urteko borroka nekaezinari esker, igoera % 8,5ekoa izatera iritsi da.

Dena den, gaurko egunak erakutsi duenez, pentsionistek ez dute uste igoera hori nahikoa denik. Aste honetan heldu den eguraldi txarrari aurre eginez, ehunka pertsona bildu dira pentsio duin batzuen alde gogor lan egiten jarraitzeko prest daudela argi utzita. Hain zuzen ere, azken hamarkadetan zehar bizi izandako inflazio prozesua dela eta, gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzea nahitaezkoa dela deritzote. Are gehiago, mugimenduaren kide den Jon Fanok adierazi duen bezala "azken 11 urteetan pentsioek eta bizitzaren kostuek izan duten bilakaera alderatuta, %11,7ko galera izan dute". Izan ere, Fanoren ustez "orain 1.230 euroko gutxieneko pentsioa eskatu beharko genuke, baina egoera zein den ikusita, tamalez, 1.080 eurokoa lortuz gero aurrera pauso handitzat jo beharko genuke".