Ylenia Baglietto eta Lander Otaola aktoreak izango dira 2023ko Bilboko inauterietako Farolin eta Zaranbolas

uriola.eus 2023ko urt. 19a, 10:33

Urtero legez, otsailaren hirugarren asteburuan Bilbon ospatuko dira inauteriak. Otsailaren 17tik 21era antolatuko diren hamaika jardueretan parte hartuko dute biek.

Eguraldi txarrarekin batera, indarrez dator aurtengo mozorroen garaia. Dena den, ez dugu zertan 3 aste itxaron beharrik izango, 2023ko inauteriez gauza gehiago jakin ahal izateko. Izan ere, hurrengo astelehenean, urtarrilaren 23an, bukatuko da urte honetako ediziorako irudi ofiziala hautatzeko epea. Gainera, Bilboko Jai Batzorde Mistoak dagoeneko iragarri duenez, bi aktore izango dira urte honetako inauterietan Farolin eta Zaranbolas antzeztuko dutenak: Ylenia Baglietto eta Lander Otaola.

Aukera paregabea biziko dute aktoreek, pandemiaz geroztik, murrizketarik gabe antolatuko baitira aurtengoak. Otsailaren 17tik 21era bitarte antolatutako ospakizun bakoitzean Bilboko inauterien enbaxadore gixa jardungo dira.

Farolin eta Zaranbolas, inauteri garaiko ikurrak

Bilboko inauterietako bikote ospetsuenak, berezko ezaugarriak ditu. Farolin, bere jarduera profesional edo publikoan nabarmen bereizten den eta, gainera, bere botxoko izaeraz harro dagoen bilbotarra da, Bilbon bertan jaio ez bada ere. Bere lelo nagusia “Semper Plus Ultra”/ “Beti Harago” izan daiteke. Bere bide laguna Zaranbolas da, ezerk eragiten eta bizitza aldatzen ere ez dion Bilboko pertsona. Bizitza onaren adibide, bere bizimodua “Carpe Diem”/ “Bizi Momentua” esaeran laburbiltzen da.

2023ko edizio honetarako hautatuak, ofizioa partekatzeaz gain, bikotea ere badira eta elkarrekin lan egin dute proiektu desberdinetan, bai ikus-entzunezkoetan, zein agertokietan.

Baglietto, Farolin izango da. 1986an Eibarren jaioa, nerabezaroan gimnastika erritmikoan nabarmendu ondoren, Getxoko Antzerki Eskolaren eskutik hasi zen interpretazioan. Geroztik, ETBko Goenkale telesailean telebistan estreinatu ostean, hamaika telesail, antzezlan eta pelikuletan garatu du bere ibilbidea.

Otaola, aldiz, Zaranbolasen papera hartuko du. 1989an Bilbon jaioa, lehen pausoak gidoilaritzan eman zituen interpretazioaren arloan. Ospea ETBko Vaya Semanita umorezko saioan izandako parte-hartzearekin lortu bazuen ere, 2012an Max Sarietarako izendatu zuten, Euskarazko Antzerki Egile Onenaren sailean, “Sekula Bai!” lanarengatik. Horretaz gain, Baglietto bezala, kirolaria izan zen nerabezaroan Athletic Clubeko beheko mailetan jokatuta eta Euskadiko Selekzioarekin Espainiako txapeldunorde izanda.