Artxandako funikularrak pandemia aurreko bidaiari kopurua berreskuratu du

uriola.eus 2023ko urt. 23a, 11:28
Argazkia: Bilboko Udala

2022. urteko datuen arabera, urtean zehar funikularra erabili duen erabiltzaile kopurua % 39,99 igo da 2021. urteko datuekin konparatuta.

Gazteleku auzoko Campo Volantin pasealekua eta Artxanda mendia lotzen dituen funikularrak gorakada nabarmena izan du erabilerari dagokionez. 998.143 pertsonek erabili dute 2022. urteko uneren batean, 2019. urtean lortu zuen kopurutik hurbil.

Abuztua izan da erabiltzaile gehien bildu dituen hilabetea, 129.359 erabiltzailerekin, aurreko urtean baino % 8,84 gehiago. Igoera handiena bizi izan duen hilabetea maiatza izan da ordea, % 114,83ko gorakadarekin.

Momentu honetan, Artxandako funikularra birmoldatzeko prozesu garrantzitsu baten erdian dago. Prozesu horretan lau proiektu partikular daude: lorategi bertikal bat eraikitzea, eguzki-panelak jartzea, goiko geltokia birgaitzea eta bagoi berrien diseinuaren proiektua idaztea.

Funikularraren ordutegia hau da: lanegunetan 7:15etatik 22:00etara. Jaiegunetan, aldiz, 8:15etatik 22:00etara, eta udako hilabeteetan (ekaina, uztaila, abuztua eta iraila), zerbitzua 23:00ak arte luzatzen da, ostiral, larunbat eta jaiegunen bezperetan.

Izan ere, 2019. urtetik 2020. urtera, funikularrak erabiltzaileen % 50 baino gehiago galdu zuen. Era horretan, bi urteko tartea behar izan du pandemiaz aurretiko erabilpenaren normalizazioa berreskuratzeko.