Aurkezpenean zehar, Idurre Eskisablek, erakundearen idazkari nagusi berriak, 2022ak utzitako irakaspenak, egitekoak eta erronkak zerrendatu zituen. Horretaz gain, Kontseiluaren aurtengo jarduna bi lan lerrotan laburbildu zuen. Alde batetik, dagoeneko abiatuta dauden egitasmo eta proiektuekin jarraitzea. Esate baterako, EAEri dagokionez, «Hezkuntza legean edota administrazioan euskararen erabilera arautzeko dekretuan eragitea, ezagutzaren unibertsalizaziorako egiazko tresna eta euskaldunentzako eremu egiaz eroso izan daitezen».
Bestetik, bigarrenari urgentziazkoa deritzo: euskeraren kontrako eraso judizialei aurre egitea. Honen bitartez, Irun, Laudio, Barakaldo eta beste hainbat udalerrietako sententziak gogoraraziz, botere judizialetik hizkuntza-politika baldintzatu nahi izatea eta bertan esku hartzea kritikatzen zuen Eskisabelek. Izan ere, honen harira, beharrezkoa da ekitaldi hau bukatu eta ordu batzutara, gisa honetako beste albiste bat heldu zela aipatzea: Gasteizeko Administrazio Auzitegiak Arkautiko akademia bere momentuan euskarazko B2 maila ez egiaztatzeagatik lan poltsatik kanpo utzitako hautagaiak berriz hartzera behartu du.
2023ko erronkak
Beste zenbait helbururen artean, idazkariak aurrera begira erakundeak duen eginkizun handienetako bat geroz eta eragile gehiagotara iristea dela adierazi zuen idazkariak. Zehazki, euren burua euskalgintzatik eta euskaratik aparte xamar ikusten duten eragile eta norbanakoengan jarri zuen lehentasuna.
Bere iritziz oso garrantzitsua da “azaltzea euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua zer den eta nola lotzen den kohesio eta justizia sozialarekin. Eta, nola ez, haiei entzutea eta adostasun puntuak bilatzea eta lantzea. Orain arteko esperientziak erakutsi digu uste duguna baino handiagoak direla”. Hain zuzen ere, honen harira, adostasunen garrantzia azpimarratu zuen: “adostasun horien oinarria izan behar du ulertzea eta onartzea euskararen normalizazio eta biziberritzeaz ari garenean ez garela ari abstraktuan hizkuntza baten egoera edo iraupenaz, baizik eta milaka euskal herritarren oinarrizko eskubideetako batez ari garela”.
Azkenik, hizkuntza-politiken balioaz eta horiek garatzeko beharraz jardun zen. Zeren eta “nabarmentzekoa da, euskararen normalizazioan irabazitakoa ez dela izango bakarrik euskaldun eta euskaltzaleentzat; aldiz, bizikidetzan eta berdintasunean sakontzea ekarriko. Eta, azken buruan, demokraziaren sakontzean» adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak”.