LABen arabera, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak dekretu berria sortzeko prozesuan aldebakarrez jokatu du, hezkuntza komunitateari jaramonik egin gabe. Bereziki, bi argumentu erabiltzen ditu baieztapen hori egiteko: alde batetik, eragin eremuak definitzerako orduan alegazioei muzin egitea eta, bestetik, herrialdeetako berme batzordeetan banatu den dokumentazioan gardentasun eta irizpide bateraturik gabe jokatzea.
Dekretuak suposatzen duen aldaketa hezkuntza-sistema norabide berri batean kokatzeko baliatu beharko litzatekeela azpimarratu du sindikatuak, hurrengo elementuak abiapuntu izanik: eskola publikoa ardatz izatea; hezkuntzaren alorrean segregazioari aurre egiteko, eskolaratze prozesuak herrika garatzea; zaurgarrienak diren ikasleentzat erreserbatutako plazei buruz, bestelako neurriak hartzea; euskara segregaziorako elementu ez bihurtzea; eragin eremu guztietan eskaintza laikoa bermatzea eta matrikulaziorako baremazioari dagokionez neurri gehigarriak ezartzea.
Ikasleen segregazioa eta “ghetto” bihurtzen diren ikastetxeak euskal hezkuntzaren garrantzi handiko arazoak dira eta EAEko hezkuntza zentro guztiengan dute eragina. Zentzu honetan, Bilboko ikastetxe desberdinetan ordezko irakasle izan den Ibai Kortabitarteren iritziz “hezkuntza publikoa abandonu egoera sostengaitz batean dago. Irtenbiderik proposatzen ez bada, segregazio egoerak mantenduko dira”. Kortabitartek, baliabideen faltan jarri nahi izan du fokoa. Hain zuzen ere, horren ondorioz, kaltetuenak eta segregrazioa sufritzen dutenak sektore zaurgarrienak dira. “Arazo horri heldu ezean, ezinezkoa izango da sektore zaurgarri hauen euskalduntzea bermatzea”.