Gazte Koordinadora Sozialistak milaka pertsona bildu zituen larunbatean Bilbon “burgesiaren ofentsiba salatzeko”

uriola.eus 2023ko urt. 30a, 13:47

Argazkia: Gazte Koordinadora Sozialista

“Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurka, gazte langileok borrokara” lelopean, “gazteen artean borrokarako borondatea hedatzea” izan zuten helburu.

Jesusen Bihotza Plazatik abiatuta, Udaletxeraino luzatu zen mobilizazioa. Egungo kapitalismoaren krisi garaiak bereziki langileen soldatan eragina duela nabarmenduta, langile askoren ezintasuna salatu zuten, “enpresari handien eta agintarien erasoaldi”-aren eraginez.

Eragilearen arabera, krisi hau sistema kapitalistaren berezko ezaugarri da eta bere ondorioak geratzeko etorri dira. Hain zuzen ere, “paradigma berri horretan langileen pobrezia eta eskubideen ezabapena ez dira salbuespenak, normaltasun berria baizik”. Zentzu horretan, politikari profesionalen erantzukizuna azpimarratu zuen GKSk, besteak beste, “erasoaldi horren onuradun” direlako.

Azkenik, testuinguru honek, bereziki, gazteriarengan eragiten duen prekarizazioan eta, orokorrean, gazte belaunaldien bizi baldintzen okertzean jarri zuten fokoa. Euren ustez, politikariek gazteak “beraien burua zuritzeko erabiltzen dituzte”, “etorkizun duin baterako baldintzarik gabe” bizitzera kondenatzen dituzten bitartean.

“Ofentsiba ekonomiko, politiko eta belikoaren” aurrean, estatu sozialista bat eratu behar zela aldarrikatu zuten. Ildo berean, “langileen programa historikoa lehen lerrora ekartzea”, “langileria subjektu politiko indartsu bat sortzeko erramintak sortzea” aipatu zituzten “pobretzeari eta eskubide ezabapenari aurre egiteko”.