Bilboko Auzo Elkarteek osasun sistema publikoaren desegite prozesua salatzeko deialdia egin dute

uriola.eus 2023ko urt. 31a, 10:32

Otsailak 9an zehar Bilboko osasun-zentro desberdinetan antolatuko dituzte kontzentrazioak.

Gizarte, auzo eta sindikatu eragile desberdinek osasun publikoaren desegitea aipatzeaz gain, honen garrantzia azpimarratu dute, batik bat, osasun pribatua ordaindu ezin dutenentzako. Ordaindu ahal dutenen kasuan, aldiz, arretaren zentroa direla bermatzeko garrantzia nabarmendu dute Bilboko Auzo Elkarteek, enpresa pribatuek lortu beharreko onuren gainetik. Hortaz, osasun publikoaren eskubidearen aldarrikapena da beraiena.

Beste gauzen artean, erakundeei Lehen Mailako Arreta presentzial eta kalitatezko baten aldeko apostua egiteko eskakizuna luzatu diete. Hain zuzen ere, zentzu horretan, pandemiaz geroztik galdutako edo murriztutako zerbitzuak aipatu dituzte: Deustuko EAGren gaueko zerbitzu presentziala, Olabeagako dispentsarioa, hainbat auzotako pediatria zerbitzuak, Samurreko anbulantzien udal zerbitzua… Hortaz gain, adierazi dutenez, osasun sistema publikoa pribatizaziorantz daraman beste hainbat murrizketa izan dira hainbat alorretan: detekzio-programetan, ginekologian, emaginetan, errehabilitazioan… Baita ere, aipatzekoa da osasun mentalari egin dioten erreferentzia. Izan ere, pandemiak osasun mota honi lotutako gaixotasunen kasuak areagotu ditu.

Bestalde, telefono bidezko diagnostiko eta baliabide gabezia bezalako elementuak osasun sistema publikoaren egoera ezegonkorraren adierazle modura aurkeztu dituzte. Honela, pandemiak eragindako estresaren igoeraren edota arreta goiztiarraren faltarekin batera, medikuek gaixoak tratatzeko duten denbora falta gogorarazi dute. Azkenik, testuinguru honek gazte belaunaldiek medikuntza edo erizaintza bezalako ikaskestak hautatzerako orduan izan dezakeen eraginaz kezkatuta, osasun-zentro desberdinetan (Deustu, Alde Zaharra, Basurto, Santutxu, Irala, Errekalde, Uribarri, Bilvi, Olatxu-Abusu, Zorrotza eta Otxarkoaga) otsailaren 9an 19:00etan antolatuko dituzten kontzentrazioetan parte hartzeko deia egin dute.