“Idazten dudanean, kasu guztietan izan dut buruan nor izango litzatekeen antzeztuko zuen aktorea”

uriola.eus 2023ko ots. 1a, 12:01
Lutxo Egia (eskuman) XX. Cafe Bar Bilbao Teatro sari-banaketan

Hamalau obraren eskutik, Lutxo Egia idazleak XX. Cafe Bar Bilbao Teatro Saria irabazi zuen pasa den astean, euskarazko lanen sailean. Horren bitartez, otsailean zehar Bilbon antolatuko den Lautan Hiru antzerki laburren jaialdian aurkezteko aukera lortu du. Horregatik, jaialdia hasi baino lehen, Egiarekin elkartu nahi izan gara saritutako lanaren inguruan gehiago jakiteko.

Lehenik eta behin, nola deskribatuko zenuke Hamalau antzezlana?

Antzerki laburreko pieza bat da, 25 minutuko iraupenekoa, gutxi gora behera, eta oso ondo moldatzen dena antzerki laburren formatura. Antzezlari bakarra egoteaz gain, eszenografia eta jantzitegi sinplez osatuta dago. Edukiari dagokionez, antzezlanean zehar, gatazka berehala pizten da.

Ezaugarri horiek guztiek adierazten dutena zera da, antzerki laburreko pieza bat dela.

Beraz, bakarrizketa bat izango litzateke?

Hala da, bai. Aktore bakarraz osatutako antzezlan bat den heinean.

Ez da lehen aldia antzerki laburreko sariketa hau irabazten duzuna. Bereziki gustukoa duzun formatoa da antzerki laburrarena?

Baietz esango nuke. Azken 5 urteotan, 4 pieza idatzi ditut eta denak antzerki laburrekoak izan dira. Sariei dagokionez, aipatu duzun bezala, 2016an Identitarteak obrarekin irabazi nuen saria; apirilak 21ean, Galder Perezek eta Ane Zabalak Lemoako Kotxepin kultur etxean aurkeztuko dutena. Sarituak izan diren bi obra hauetaz gain, forma honetako beste bi obra egin ditut, nahiz eta ez ditudan inon aurkeztu. Hortaz, esan liteke erraza edo erakargarri egiten zaidan molde bat dela. Ez dut inoiz beste lan “potenteago”-rik egin, trama edo aktore askoz osatutakoa.

“Azken 5 urteotan, 4 pieza idatzi ditut eta denak antzerki laburrekoak izan dira”

Artista bezala, antzerki laburraren arintasuna batzuentzat oztopo izan daitekeen bitartean, zuretzat indargune izango litzateke orduan?

Hori da. Adibidez, lan hauek idazten ditudanean, kasu guztietan izan dut buruan nor izango litzatekeen antzeztuko zuen aktorea. Hortarako, lehenengo, aktorearen onarpena lortu behar duzu, noski. Identitarteak idatzi nuenean, esaterako, Galder Perez eta Ane Zabala ikusten nituen garbi aukera egokiena bezala lana antzezteko.

Oraingoan ere, Hamalau obraren kasuan, gauza bera gertatu dela esango nuke Mikel Martinezekin; bera izan zen nire lehen aukera eta, zorionez, bera izango da irakurketa dramatizatua aurrera eramango duena Lautan Hiru antzerki laburren jaialdian. Gainera, geroago, Pabellon 6en ere antzeztuko du. Beraz, onartu beharra daukat bereziki gustora eta eroso sentiarazten nauen antzerki formatua dela.

Deskribapenaren arabera, eraikin bateko hamalaugarren solairuan kokatzen da antzezlana. Notario bat da protagonista eta bere buruaz beste egitera doan bezero bati itxaroten dago. Hortaz gain, suizidioa bezalako gai dramatiko bat komedia “absurdoarekin” uztartzen duzu, ezta?

Obraren testuingurua berez suizidioa da bai, baina bertan ageri den gogoeta ez da hau inondik ere. Dena den, obraren atzetik dagoen hausnarketa aspaldi buruan neraman zerbait da: gizateriaren autodestrukzioa. Nire iritziz, orain arte, gai hori ez da mahai gainean egon. Hala ere, pixkat esageratuta, badira hamarkada batzuk honen adierazle batzuk badaudenak: krisi klimatikoa, esaterako. Egoera hori gizateriaren historian guztiz berria da.

“Komedia “absurdo” bat da, hasi eta buka”

Horrenbestez, gaia ez da suizidioa preseski. Hortaz gain, aipatu dugun bezala, antzezlanean pertsonai bakarra dago: bezero baten suizidioa egiaztatzera doan notarioa. Horraino irakur dezaket, baina horren gainetik, komedia burugabea eta dibertigarria aurki dezake ikusleak. Beraz, inor ez dadila ikaratu suizidoaren inguruko hausnarketa bat aurkituko duela pentsatuta. Asmoz, gutxienez, komedia “absurdo” bat da, hasi eta buka.

Esan bezala, obra Pabellon 6era eramango da. Aukerarik izan duzu aurretik bertan beste lanen bat aurkezteko?

Ez, esperientzia berria izango da eta Mikel Martinez aktoreak antzeztuko du bertan antolatuko den antzerki arineko jaialdian. Lautan Hiru antzerki laburren jaialdian, aldiz, irakurketa dramatizatu bat egingo du. Lehenengoaren kasuan, dakidanera arte antzezpenak are laburragoak izan behar dira; hortaz, seguruenik, moldapenen bat egin beharko dugu aurkeztu aurretik.

Zentzu zabalago baten, zure lana gidoi baten aurkezpena denez, nola gauzatzen da gidoi batetik antzezlan batera bilakatzeko prozesua?

Modu askotan. Lehenik eta behin, garrantzitsua da sintonia ona egotea idazlearen eta antzezlearen artean. Mikelen kasuan, aspalditik ezagutzen dut eta konfiantza osoa dut beregan, ikus ditzakeen moldaketa guztiak egiteko; batik bat, kasu honetan, aktore eta zuzendari lanak berak egiten dituelako. Oraindik moldaketa lanetan jarri ez garen arren, laister hasiko gara. Azken finean, testutik antzezlanera beti izaten dira aldaketak eta lan hori, noski, batera egingo dugu.

Azkenik, noiz izango da obraren irakurketa dramatizatua?

Aurreko asteartean, urtarrilak 24an, aurkeztu genuen kartela. Irakurketa, ostera, otsailaren 16an, osteguna, 20:00etan izango da Café Bar Bilbaon.