Koldo Mitxelena Sariak Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak elkarlanean euskarazko ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz antolatzen dituzten sariak dira. Aurtengoa zortzigarren edizioa izan da eta, beti bezela, Euskaltzaindiaren egoitzan ospatu da sari-banaketa.
Aipatutako jakintza-arlo bakoitzeko, irabazle bat izendatu du mahaiburuak. Saridunek diploma bat eta 2.000 euro gordineko saria jaso dute.
Sariketa orain dela 16 urte antolatu zen lehenengo aldiz, euskarazko doktorego tesiak sustatzeko helburuarekin. Honela, euskarazko zientzia bultzatzeaz gain, ikertzaile gazteen lana aitortzen dute eta euskararen prestigioa areagotu nahi da, maila goreneko aitortza eginez. Izan ere, beste edizio batzutako tesiak publikatu izan dituzte, esaterako: Miren Ibarluzearen Euskal literatura itzuliaren egitura eta islak 1975-2015, edo Eneko Zuloagaren Mendebaldeko euskara zaharra: ezaugarriak, kronologia eta geografia.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektore den Eva Ferreirak azpimarratu duenez, euskaraz egindako tesien kopurua handituz doa. Horrela, 2020/21 ikasturtean mota honetako tesiak 25 izan baziren, 2021-22 ikasturtean 61 izan dira. Zentzu honetan, aipatzekoa da unibertsitate publikoaren garrantzia, bertan egin baitira doktorego-tesien % 90 baino gehiago.
Aurkeztutako tesiak 2020ko irailetik 2022ko uztailera bitarte euskaraz idatzi eta defendatuak izan dira. Azkenik, hauek dira saridunak eta tesien izenburuak:
Zientzien arloa:
• Sariduna: Iñigo Arrazola Maiztegui.
• Tesiaren izenburua: Argi-Materia Elkarrekintzen Diseinua Teknologia Kuantikoetarako.
Ingeniaritza eta Arkitekturaren arloa:
• Sariduna: Eneko Iradier Gil.
• Tesiaren izenburua: Potentzia Domeinuko NOMA 5G Sareetarako eta Haratago.
Osasun Zientzien arloa:
• Sariduna: Manu Araolaza Lasa.
• Tesiaren izenburua: Morfinak DNA-ren metilazioan duen eragin epigenetikoaren azterketa, bigarren belaunaldiko sekuentziazio teknikak erabiliz.
Gizarte eta Lege Zientzien arloa:
• Sariduna: Maitane Basasoro Ziganda.
• Tesiaren izenburua: Ikasleen parte-hartzea eskola demokratikoak eraikitzeko giltzarri. Irakasleen begirada berritu batetik abiatutako Antzuola Herri Eskolako hezkuntza proiektua.
Artearen eta Giza Zientzien arloa:
• Sariduna: Beñat Garaio Mendizabal.
• Tesiaren izenburua: Euskara eleaniztasunean irakasten duten eskolak aztergai: D ereduko Gasteizko bi eskolaren indarguneak identifikatzen.