Lan-hitzarmena eguneratzeko mobilizatu dira gaur Bizkaibuseko langileak

uriola.eus 2023ko ots. 6a, 12:45

Bilboko hiru sarrera desberdinetatik abiatuta (Deustuko Done Petri Plaza, Juan de Garay Kalea eta San Mameseko EITBren egoitza), Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean amaitu diren manifestazioak antolatu dituzte langileek.

Gaur egun, Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintzen duen hiriarteko autobus zerbitzua 5 enpresa emakidunen eskuetan dago (Vectalia Txoriherri, Ezkerraldea Meatzaldea, Busturia Lea Artibai, Vectalia Enkarterri eta Avanza Durangaldea). Horietatik, Avanza Durangaldea izan da gaurko egunean normaltasunez jardun ahal izan den bakarra. Hain zuzen ere, emakidun honen langileek Kontsumoko Prezioen Indizearekiko (KPI) igoera bat lortu zuten aurtengo lan-hitzarmenean; gainontzeko langileek, aldiz, eskaera berdina egin dute gaur Bilboko kaleetan zehar.

Goizeko 8retan hasita, mobilizazioek eragin nabarmena izan dute zirkulazioan. San Mameseko eta Enekuriko sarrerek auto-ilarak bildu dituzte; Deustuko Lehendakari Agirre kalean, berriz, zirkulazioa moztu da eta Madariaga Etorbidetik desbideratu da kotxeen ibilbidea. Juan de Garay Kalearen kasuan, bide bat zentzu bikoitzeko bezala jarri behar izan dute ibilgailuen joan-etorria ahalbidetzeko.

Era honetan, hiru mobilizioek goizeko 10:30etan bat egin dute Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean; batik bat, erakunde honek salatzen duten egoeran duen ardura agerian jartzeko asmoz.

Elkarretaratzean, langileen bozeramaileek Aldundiari lan-hitzarmena berritu ez duten 4 enpresen xantaiaren aurrean ez etsitzeko mezua helarazi diote. Horretaz gain, Aldundiko ikuskatzaileek Bizkaibuseko langileek pairatzen dituzten lan-baldintzak eta autobus flota aztertzeko eskatu dute, osasuna jokoan dagoela gogoraraziz. Azkenik, Bizkaibusen kudeaketa bere gain hartzea eskatu diote Aldundiari, Euskotrenekin eta metrorekin egiten duten bezala. Langileek abisatu dutenez, egoerari irtenbide bat eman artean mobilizazioekin jarraitzeko prest daude, soldataren eta lan-baldintzen parekidetasuna lortu arte.