Ongi Etorri Errefuxiatuakek elkarretaratzea antolatu zuen larunbatean, Tarajaleko tragediaren 9. urteurrenaren harira

uriola.eus 2023ko ots. 7a, 10:27
Argazkia: Ongi Etorri Errefuxiatuak

2014tik urtero egin ohi duen bezala, plataformak 14 pertsonen heriotza salatzeko mobilizazioa antolatu zuen Bilboko Arriaga Antzokiaren aurrean.

Elkarteak, gertaeran hil ziren pertsonentzako (Yves, Samba, Daouda, Armand, Luc, Roger Chimie, Larios, Youssouf, Ousmane, Keita, Jeannot, Oumarou, Blaise eta identifikatu gabeko beste bat) justizia eskatzen jarraituko zuela adieraziz hasi zuen ekitaldia. Euren esanetan, “9 urteko zigorgabetasuna ezarri eta kasua libre artxibatu ondoren, Konstituzio Auzitegira jo da, eta haren ebazpenaren zain jarraitzen dugu”.

Horregatik, muga basatietan oinarritutako migrazio politikaren kritika eginez, honek biktimen familietan duen eragina gogorarazi zuten. Hain zuzen ere, kasu hauetan dagoen informazio falta dela eta, familiari egiaren eskubidea ukatzen zaio.

Hala ere, argi utzi zuten Tarajalen gertatutakoa ez zela kasu bakana izan. 2005ean dagoeneko, 5 pertsona hil ziren Ceutako hesian tirokatuta, agintearekiko inolako fiskalizaziorik gabe. Izan ere, haien iritziz, “Duela 15 urte baino gehiagotik, mugetako errepresioa eta indarkeria areagotzen ari da Europako estatuen mugetan, eta, zehazki, Espainiako Hegoaldeko mugan”.

Gainera, gaurko egunetik hurbilago dauden era honetako gertaerak ere salatu zituzten: joan den ekainaren 24an Melillako Txinako auzoan gutxienez 40 pertsona hil ziren Espainiako eta Marokoko bereizten dituen hesia zeharkatzen ari zirela, Espainiako Guardia Zibila eta Marokoko jendarmeak esku hartuta; azkenaldian, Bidasoa ibaia zeharkatzen hainbat pertsona hil dira Frantziaren eta Espainiaren arteko mugako kontrola saihestu nahiean.

Giza Eskubideen defentsa

Orokorrean, elkarteak mugetan erabilitako indarkeriaz gain, nazioarteko mugikortasuneko sarbiderik eza eta, bereziki, Hego Globaleko pertsonek eskubide horretaz baliatzeko dituzten zailtasunak kritikatu zituen. Bere iritziz, migrazio politika honek arrazakeria legitimizatzea ez ezik, urtero mugetan milaka pertsona hiltzea ere eragiten du.

Hortaz, egoera honi aurre egiteko, besteak beste, hurrengo aldarripakenak egin zituzten: irregulartasun administratiboari amaiera jartzea, klandestinitateak sor ditzakeen esplotazio eta prekarietate baldintzak ekiditeko; nazioarteko babesa eskatzeko eskubidearen defentsa; berehalako itzulpenek suposatzen duten giza-eskubideen urraketa eta instituzioek pertsonen bizitza arriskuan jartzen ez duten legezko migrazio politikak garatzea.