APNABIko langileek otsailak 8rako eta 9rako iragarritako greba bertan behera uztea erabaki dute, Zuzendaritzarekin akordio bat lortu ostean

uriola.eus 2023ko ots. 8a, 11:09
Argazkia: APNABI

LAB sindikatuak aditzera eman duenez, akordioak langileen eros-ahalmena berreskuratzea eta lan baldintzak hobetzea ahalbidetuko du.

APNABI-Autismo Bizkaia irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, interes publikokotzat jotzen dena eta Autismoaren Espektroko Nahasteak dituzten familiak biltzen dituena. Egun, 1000 familiak baino gehiagok osatzen dute, eta 300 pertsona inguruk lan egiten du bertan. Ematen duen zerbitzu publikoaren titulartasuna, ia osorik, Bizkaiko Foru Aldundiarena da. Hortaz, finantziazio publikoa du gehienbat.

Sindikatuak atzo bertan mobilizaziorako eta otsailak 8rako eta 9rako greba deialdia partekatu zuen, aniztasun funtzionaleko sektorean ere diharduten Gorabiderekin, Gauderekin eta Orozkoko Madres Mercedariasekin batera. Gaur goizean, ordea, APNABIko Zuzendaritzarekin akordio batera iritsi direla iragarri du LABek.

Aurrerapen bat suposatzen duen akordioa

Oinarrizko soldataren % 16,5eko igoera edo kontziliazio-neurrien hobekuntzak izan dira sinatutako hitzarmenaren lorpen batzuk. Sindikatuak akordioaren balorazio positibioa egin du “erosteko ahalmena berreskuratzea bermatzen baitu, eta, horrez gain, lan-baldintzak hobetzeko neurriak jasotzen baititu oinarrizko zenbait alderditan, hala nola Kontziliazio neurrietan eta Lan Osasunean”.

Hortaz gain, LABek lortutako akordioa langileen borroka kolektiboaren erakusle bezala deskribatu du. Hain zuzen ere, lortutakoaren baloraziorako unea Dibertsitate Funtzionalaren sektoreak zerbitzu publiko bezala duen garrantzia azpimarratzeko eta erakunde publikoek gizarte-zerbitzuetan inposatu nahi duten pribatizazioa salatzeko baliatu du.

Azkenik, mobilizazioa antolatu duten beste hiru elkarteek, euren aldetik, manifestazioarekin aurrera segitzeko asmoa dute. Manifestazioa Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean izango da 11:30etan. Gainera, Gaude eta Gorabide elkarteek gaur egingo dute greba eta Madres Mercedariasek, aldiz, astelehean, otsailak 6, hasi zuen eta iganderarte, otsailak 12, luzatu du.