ELAk Bilbon duen egoitzan aurkeztu zuten ostiralean otsailaren 25eko mobilizazioan parte hartuko duten sindikatu desberdinen ordezkariek. Eskainitako prentsaurrekoan hasieratik argi utzi zuten bezala, helburua osasun sistema publikoaren defentsa eta Osakidetzak egun pairatzen dituen baldintza prekarioak salatzea da.
Manifestazio honen deialdia justifikatzeko, arrazoi ugari aipatu zituzten hizlariek: “% 50etik gorako behin-behinekotasuna; hamarkada batean % 20tik gorako erosahalmenaren galera; lan gainkarga sistematikoa; plantilla urria...”.
Aipatu zutenez, 2023ko Osasunera bideratutako aurrekontua 2022koa baino 20 milioi txikiagoa da. Gainera, argudiatu nahi izan zuten Eusko Jaurlaritzak herritarrei eskainitako zerbitzuen prekarizazioa pandemiaren ondorio dela dioen arren, COVID garaian aprobatutako errefortzu ekonomikoa ezabatu egin duela aurtengo aurrekontuetan.
Azpimarratzekoa izan zen, bereziki, Lehen Mailako Arreta zerbitzuari eta Enplegu Publikorako Eskaintzen kudeaketari egindako erreferentzia. Lehenengo elementuaren kasuan, esparru honetako langileek 2019an egin zuten greba eta azken 3 urteetan zerbitzuak bizi izan duen degradazioa gogorarazi zuten; honen harira, kolektibo honen egoera okertzeak Osakidetzako beste asistentzia-maila batzuetan duen eragin negatiboa nabarmendu zuten.
Mahai Sektorialaren kritika
Sindikatuek egun Jaurlaritzak eurekin negoziatzeko eskaini duen bitartekoa kritikatu zuten: Mahai Sektoriala. Beraien iritziz, Eusko Jaurlaritzak “Mahai Sektoriala erabili nahi du existitzen ez den negoziazio baten itxura emateko, uda aurretik bultzatutako mobilizazioei jaramonik egin gabe”; gainera, bitarteko honetan Osakidetzaren izenean dihardutenak ez dutela erabakitzeko ahalmenik adieraziz.
Ez dute grebaren aukera baztertzen
Osakidetzari bere osotasunean eragiten dion grebarik ez dagoela onartu arren, sindikatuen ordezkariek gogorarazi nahi izan zuten osasun sistema publikoaren esparru batzuetan greban segitzen dutela, CVTTHko departamentuan esaterako.
Hortaz, Eusko Jaurlaritzaren aldetik negoziatzeko gogorik somatzen ez dutela eta egoera hobetuko luketen neurriak hartzen ez direla kontuan hartuta, epe laburrera greba egiteko aukera posible dela adierazi zuten. Zentzu honetan, ezin dira aipatu gabe utzi aurreko egunean, otsailak 9an, Bilboko osasun-zentro desberdinetan egin ziren kontzentrazioak. 11 kontzentrazio izan ziren orotara (Deustuko, Alde Zaharreko, Basurtoko, Santutxuko, Iralako, Errekaldeko, Uribarriko, Bilviko, Olatxu-Abusuko, Zorrotzako eta Otxarkoagako osasun zentroen aurrean) eta arratsaldeko 19:00etan eraman ziren aurrera.