LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek gaur goizean Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzan antolatu duten elkarretaratzean, prentsaurreko bat eskaini dute. Bertan, euren eskaerak ez doazela homologaziotik haratago, baizik eta Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzea eskatzen dutela adierazi dute. Hain zuzen ere, gaur egun, baieztatu dutenez, enpresek eta Osakidetzak ez dute homologazio-printzipioa betetzen.
2018an hasi zuten hitzarmen berria negoziatzeko prozesua; izan ere, 5 urte daramatzate hitzarmenik gabe. Orain arteko negoziazioarekin lortu dituzten aurrerapenei dagokionez, hurrengoa kritikatu dute: “enpresekin hamaika bilera burutu ditugun arren (berrogeita hamar inguru), esan dezakegu hasieran bezalaxe gaudela”. Dena den, erantzukizuna enpresa esleipendunari ez ezik, Osakidetzari ere egotzi diote. Lehenak erantzukizuna bigarrenarena dela dioen bitartean, bigarrenak ez dio langileen bitartekaritzarako eskaerari erantzutzen.
Honen harira, berriki sinatu den Bizkaiko Metalaren Hitzarmenean Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa aipatu dute, konparazioan beraien gatazkan izan duen jarrera kritikatzeko. Metalaren langileek lortutakoaz pozten direla adierazi arren, gogorarazi nahi izan dute gehiengoa gizonak diren lan-gatazka bat izan dela, garbitzaileen kasuan gehienak emakumeak diren bitartean. Horrela, egoera honek eta Jaurlaritzaren jokaerak emakumeak “erabateko prekarietatera kondenatzen” dituela aldarrikatu dute.
Bada, garbiketa zerbitzuko langileek otsailaren 27tik martxoaren 5era luzatuko den greba iragarri dute homologazioaren alde borrokatzeko. Zentzu honetan, aipatzekoa da iaz ere 6 lanuzte egin zituztela.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren elkarretaratzea eta gero, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean egin dute kontzentrazioa, bertan bildu baita gaur negoziazio mahaia.