Bilbao Kirolakeko langileek lanuzteak egingo dituzte soldaten erabateko ordainketa eza kritikatzeko

uriola.eus 2023ko ots. 16a, 12:48

ELA sindikatuak iragarri duenez, gaur egun Bilboko polikiroldegietako kudeaketaren ardura duen emteSPORTek 4 hilabete daramatza langileen nominak txarto ordaintzen.

Iazko azaroan, kirol instalazioen kudeaketa integralean aditua den enpresa hasi zen zentro horien kudeaketa lanetan, Guedanek utzi ostean. Orduz geroztik, lau nomina jaso dituzte langileek eta hilabete guztietan izan dituzte arazoak zentzu horretan; sindikatuak zehaztu duenez, langile batzuk dagokiena baino 200 edo 300 euro gutxiago jasotzera iritsi dira.

Enpresak ELArekin egin dituen bileretan soldatak bere osostasunean ordaintzeko asmoa adierazi badu ere, ez du egoera konpontzeko inongo neurririk hartu. Gainera, sindikatuaren arabera, langileekiko komunikazioaren egoera are okerragoa da; hain zuzen ere, horien kasuan, enpresarekin komunikazio zuzena eta erantzun garbiak jasotzea ezinezkoa dela salatu du.

Hortaz, kirol kudeaketako langileek eta langile laguntzaileek pairatutako kalte ekonomikoen kontra protesta egiteko lanuzte partzialak egingo dituztela iragarri dute. Hurrengoak dira lanuzteak gauzatuko dituzten datak eta orduak:

Otsailak 27, astelehena: 9:00etatik 12:00etara

Otsailak 28, asteartea: 16:00etatik 19:00etara

Martxoak 6, astelehena: 16:00etatik 19:00etara

Martxoak 7, asteartea: 9:00etatik 12:00etara