Matrikulazio-kanpaina eta ikasleen onarpen dekretuaren aurkako balorazioa aurkeztu du STEILASek

uriola.eus 2023ko ots. 16a, 15:13

Argazkia: STEILAS

Gaur goizean STEILAS Sindikatuak Bilbon duen egoitzan prentsaurreko bat eskaini du. Bertan, orain arte publiko egin diren hezkuntza dekretuen eta aginduen irakurketetan oinarrituta, aprobatzeko dagoen Hezkuntza Legearekiko kezka erakutsi du.

Astelehenean, otsailak 13an, ireki zen 2023-2024 ikasturterako aurrematrikula egiteko epea otsailaren 24ra arte, ostirala. Aurtengoak bereizgarritasun ugari izango ditu, bereziki, eskola-plazen eskaintzari eta ikastetxe bakoitzak hartuko dituen ikasle zaurgarrien kopuruari dagokionez. Orain arte zentzu horretan aprobatutako dekretu eta ordenek erakusten duten modura, gehiegizko eskaintza eta eskaintza eskasa saihesteaz gain, egungo hezkuntza sistemak eragiten duen segregazioa ekiditea dira helburu nagusietako batzuk.

Honen harira, Sindikatuak, helburu horiekin bat datorren arren, gaurdaino horiek gauzatzeko ezagutu diren neurriak kritikatu ditu. Gaineskaintza ekiditearen kasuan, Hezkuntza sailburuordearen adierazpenak gogorarazi dituzte gaineskaintza aurtengo matrikularen ondoren mugatuko direla esanez. Bere iritziz, “planifikazioa aldez aurretik egin beharreko zerbait da”. Bereziki fokoa hezkuntza pribatuaren mugatzean jartzea eskatu dio Hezkuntza Sailari. Zaurgarritasunaren kasuan, aldiz, sailburuak aipatutako balorazio irizpideak zeintzuk diren argitzeko eskatu dute sindikatuaren ordezkariek. Horri lotuta, abenduaren 21eko aginduak eragin eremuen inguruan suposatzen duen berrantolaketarekiko desadostasuna erakutsi dute. Izan ere, agindu horrek eragin eremuen handitzea eragingo du; esaterako, “Donostin 13 eragin eremu izatetik, 3 izatera pasako da”. Aipatu duten bezala, “horrek ondorio larri asko izango ditu: ikasle garraiatu gehiago egotea, pribatuaren aukera eremua handitzea, eskaintza publikorik ez duten herriak zuritzea”.

Beste gauzen artean, STEILAsen aldarrikapen historikoa dela gogoratuz, “0 kilometroko hezkuntza” defendatu dute, baita ikasle guztientzako D ereduan ikasteko aukera ere. Finean, inklusiorantz eta kohesiorantz mugitu ahal izateko hurrengoa adierazi du sindikatuak: “jaiotza tasaren jaitsiera honen aurrean hezkuntza pribatuaren eskaintza mugatu beharko litzateke nabarmenki eta aldi berean, hezkuntza publikoa sistemaren ardatz bihurtu beharko litzateke, inbertsio eta baliabideak handituz noski”.

Ondoren, hezkuntza publikoan diharduten irakasleen lan baldintzei egin diete erreferentzia ordezkariek: lan kargaren areagotzea, lizentzia eta baimenak hartzeko zailtasunak… Azkenik, euskal eskola publikoan matrikulatzeko mezua helarazi nahi izan dute, eskola publikoaren garrantzia nabarmenduz.