2023ko Loraldia Festibalak 17 egunez euskal kultur proposamen anitzez bustiko du Bilboko hiria. Aurtengoak 21 ekitaldi desberdin izango ditu eta disziplina ugariz egongo da osatuta: musika, teatroa, dantza, literatura, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak…
Edizio honen lema (Mailua gara!) Gabriel Arestiren Harri eta herri poesia lanean du jatorria: “Esanen dute hau poesia eztela, baina nik esanen diet poesia mailu bat dela”. Horrela, mailuaren metaforari jarraiki, asmoak adierazpen bilakatzeko asmoa adierazi du Loraldiak: “gure unibertsoa zizelkatu nahi dugu, sormena eta kultur adierazpenen bidez”.
Euskal kulturako izen erreferenteak ez ezik (Gabriel Aresti, Benito Lertxundi, Maurizia…), gaur egungo sortzaile nabarmen ugari ere izango dira Festibalean: Kukai Dantza Konpainia, Igor Elortza, Rafa Rueda, Danele Sarriugarte… Bestalde, aipatzekoa da sortzaile berriek eta gazteek izango duten presentzia (Formol, Silitia…); hain zuzen ere, iazko edizioan egin zuten bezala, Loraldia Terminala eguna ospatuko dute, gazte-sormenari eremua eta plaza eskaintzeko asmoz.
Guztira, Festibalak hartuko dituen 14 espazioetan 150 artista inguru pasako dira.
2023ko Loraldia Festibalari buruz gehiago jakiteko, sakatu hemen.