Urtero legez, aurten ere Bilboko Alde Zaharreko zenbait tabernetan bertsolari gazteak biltzen dituen Bertso Erronda ospatuko da martxoko hilabetean zehar. Etzi, martxoak 1ean, emango zaio aurtengo edizioari abiada Adaxka tabernan; bertan, Enare Muniategi, Unai Foruria, Janire Arrizabalaga eta Iker Garitaonandia jardungo dira. Gainontzeko saioak martxoak 6an (Maddi Askaiturrieta, Mikel Aiartzaguena, Irantzu Idoate eta Hodei Munduate), martxoak 15ean (Maite Sarasola, Ekain Tolaretxipi, Naia Arrizabalaga eta Peru Irastorza), martxoak 22an (Ander Anakabe, Haizea Telleria, Irune Basagoiti eta Mikel Arrate) ospatuko dira. Azkenik, finala 7Katu Gaztetxean izango da martxoak 30ean. Aipatutako saio guztiak arratsaldeko 19:30etan hasiko dira.
Hortaz gain, hurrengo larunbatean, martxoak 4an, Matxingorri konpartsak antolatutako Mambo egunean Miren Amuriza eta Uxue Alberdi arituko dira bertsotan goizeko 11:30etan Ibarrekolanda Plazan. Ondoren, hurrengo asteko larunbatean, martxoak 11an, bertso-bazkaria antolatuko dute Deustuko Herriko Tabernan 14:30etan eta bertan kantatuko dute Oihana Bartrak, Maite Sarasolak eta Jone Uriak. Azken saioaren kasuan, sarrerak oraindik eskuragarri daude Deustuko Herriko Tabernan bertan eta Berbaizu Euskara Elkartean; sarrerek 25 € balio dute langileentzako eta 20 € ikasle zein langabetuentzako.