“Espekulazioa ez da sistemaren disfuntzio bat, berezko ezaugarri bat baizik”

uriola.eus 2023ko ots. 27a, 13:48

Azkenaldian etxegabeekin lotutako hainbat gertaeren berri izan dugu: etxegabe baten etxola erretzearen saiakera Uribarrin (otsailak 7) eta etxegabe baten heriotza Boluetan, bere burua berotzeko sute bat egin nahiean (urtarrilak 25). Horren harira, problematika horren inguruan eta, neurri handiago batean, Bilbon etxebizitzen garestitzeari buruz gehiago jakiteko AZET Etxebizitza Sindikatuko kide den Ane Salvadorrekin elkartu gara. Eragile horrek, joan den ostiralean bertan San Frantzisko auzoan gauzatuko zen etxegabetze bat ekiditzeko asmoz mobilizazio bat antolatu zuen. Etxegabetzea bide judizialetik atzeratzea lortu bazuten ere, Sindikatuak hamaika mobilizazio eta ekintza egiten ditu Bilboko auzoetan, norbanako ororen etxebizitza eskubidea defendatzeko eta aldarrikatzeko.

Nola deskribatuko zenukete zuen egitekoa?

Laburbilduz, gure egitekoa auzokideei behar materialei erantzutea izango litzateke; hasteko, gure kasuan, etxebizitzarena, bestetik, Asetu herri biltegiaren bitartez, elikadurarena eta, azkenik, behar horiek politizatzea. Zertarako? Uste dugulako horrela borrokarako baldintzak sortu ditzakegula eta klase borroka gure auzoetan territorializatu dezakegula; alegia, borroka zabalago bati ekarpen bat egitea. Hortaz, gure helburua elkarrekin borrokatzen duen komunitate politiko bat sortzea eta apurka herri boterea eraikitzen joatea izango litzateke.

Zein da, azkenaldian jazotako gertakariak kontuan hartuta, egungo testuinguruaz egiten duzuen irakurketa?

Azken irakurketetan argi utzi dugun bezala, gertakari horien kasuan ikus dezakegu, argi eta garbi, pobreen aurkako gerra baten aurrean gaudela, burgesiaren ofentsiba zabalago baten baitan kokatzen duguna.

Zentzu horretan, instituzioek paper garrantzitsua jokatzen dute. Nola? Politika klasistak aurrera eramaten, kalean bizi den jendea kriminalizatzen eta arazo sozialak direnak orden publikoko arazoak balira bezala tratatuz. Gainera, aipagarria da, horren harira, hedabideek duten garrantzia, diskurtso klasistak eta arrazistak hauspotzen baitituzte.

Argi utzi beharra dago heriotza horiek ez direla kasu isolatuak, ez dira saihestu ezin diren tragediak, baizik eta bizi garen sistemaren ondorio logikoak. Zergatik da horren garrantzitsua hori adieraztea? Askotan, instituzioetatik horrelako hilketak fenomeno naturalak balira bezala aurkezten dituztelako eta ez da horrela.

Arduradunak zeintzuk diren argi dago; sistema kapitalistak, ezaugarri bezala, eragiten duen egoera da hau. Etxebizitzen merkantilizazioaren eta politika instituzionalen ondorio zuzenak dira albiste horiek. Sindikatutik, nabarmendu nahi izan dugu azken gertakarien harira Bilboko Udalak izan duen papera eta ardura; espekulatzaileei alfonbra gorria jartzen dieten bitartean, pobreen aurkako gerra areagotzen ari dira (etxegabetze ilegalak, etxegabeko pertsonen aurkako erasoak edota militarizazioa, esaterako).

Hainbat estadistikek erakusten dute turismoari zuzendutako etxebizitzen ehunekoak gora egin duela nabarmenki, are gehiago alokairu turistiko hori modu ilegalean egiten dutenen kasuan. Zein da zuen jarrera mota honetako alokairuekiko?

Gure iritziz, pisu turistikoak, bai legalak zein ilegalak, espekulazio inmobiliarioaren adierazpen bat dira eta, ondorioz, seinalatu eta borrokatu behar dena; beti ere adierazpen bat baino ez direla kontutan hartuta. Hau da, ez dira arazoaren erroa, ondorio bat baizik.

“Turistifikazioa minbizi bat da gure hirietan, burbuila inmoliarioa elikatzen duena etengabe”

Ikusten dugunez, turistifikazioa minbizi bat da gure hirietan, burbuila inmoliarioa elikatzen duena etengabe. Hain zuzen ere, langileon bizitzetan sortzen dituen ondorio zuzenak ikus ditzakegulako: alokairuen prezioak gora doaz, auzokideek beraien etxebizitzatik eta auzoetatik irtetzera behartuta ikusten dute euren burua, beste batzuk etxegabetuak dira, espazio publikoa geroz eta gehiago merkantilizatzen da, militarizazioaren gorakada… Finean, ikusten dugu nola gure hiriak eta bizitzak museo bihurtu nahi dituzten.

Turistifikazioa eta espekulazioa guztiz lotuta dauden fenomenoak dira. Hortaz, ezin dugu lehenengoari buruz hitz egin, bigarrena aipatu gabe. Era berean, ezin dugu espekulazioaz hitz egin, azpian dagoena seinalatu gabe. Beste zenbaitetan adierazi dugun bezala, espekulazioa ez da sistemaren disfuntzio bat, berezko ezaugarri bat baizik, oinarrian jabetza pribatuaren logika duena.

Zuen ikuspuntutik, Pandemiaz geroztik, egoera okertu da etxebizitzarako eskubideari dagokionez?

Noski, ikusten dugu nola merkatu inmobiliario deitzen dioten hori gerra eremu bihurtu den. Hau krisi garaian areagotu egiten da. Burbuila inmobiliarioa gero eta gehiago puzten ari da. Langileok progresiboki pobreagoak garen bitartean, soldata errealak baxuagoak dira. Inflazioa gorantz doa eta etxebizitzarako sarbidea inoiz baino zailagoa da. Esaterako, Bilbon hilabeteko aloikaruaren batez besteko prezioa 1300 €-koa da gaur egun, 2021etik % 10 igo dena; Euskal Herrian, batez beste, soldaten % 60a aloikaruak ordaintzeko erabiltzen dugu, hipotekekin gertatzen den antzera. Horrez gain, Bilbon etxegabeen kopurua gorantz egiten duen bitartean, 20.000 etxebizitza huts baino gehiago daude.

“Inflazioa gorantz doa eta etxebizitzarako sarbidea inoiz baino zailagoa da”

Puzlearen pieza ezberdinak diren arren, oso ondo ikusten da irudi beraren pieza osagarriak direla. Honen atzean dagoen ondorioa oso garbia da, merkatu inmobiliarioaren auziaren atzean klase gatazka bat dago.

Nola ikusten duzue egungo gazte belaunaldiek etxebizitzarako dituzten zailtasunak?

Zailtasuna baino, ezintasuna dela esango genuke. Testuinguru honetan, agerikoa da nola familiaren laguntzarik gabe gazte bati independizatzea ezinezkoa zaion gaur egun. Batik bat, etxebizitzaren arazoak zuzeneko harremana duelako soldatapeko lanarekin. Hau da, lanik ez baduzu, ez duzu etxebizitzarik.

Begibistan geratu da etxebizitza soldatapeko lan bati lotzen gaituen zerbait dela eta gazteen kasuan, baldintza hori beteta ere, gehienetan ez dute modurik euren kabuz bizitzeko, are gutxiago hipoteka bat lortzeko. Gainera, instituzioek zentzu honetan eskuak garbitzeko jokabidea hartzen dute, emantzipazioa bultzatzen dutenaren publizitatea eginda: bonoak, laguntzak, gazte lagun programak… Honen harira sortzen zaigun galdera hurrengoa da: zeintzuk dira laguntza horien egitazko onuradunak? Gazteak gutxienez ez. Zergatik? Diru laguntza horiek lortzeko bete behar diren eskakizun zorrotzengatik (zenbat eta prekarioago izan, orduan eta zailago lortzea), rentistak eta pisuen jabeak amaierako onuradunak izateagatik… Ondorioz, diru publikoa espekulatzaileen poltsikoetara bidaltzen dute azkenean. Hau da, ez dira gazteentzako diru laguntzak, jabeentzako diru laguntzak baizik.

Testuinguru honetan ere, entzute nabarmena izan du alarma seguruen gorakadak. Sortu den (edo sortu duten) kezka soziala kontuan hartuta, zein da honen harira zuen ikuspuntua?

Okupazioaren aurkako garatzen ari den kanpaina, mediatikoa zein judiziala, eta, honen harira, sortzen ari den beldur kanpaina ez da kasualitatea. Azken finean, horren atzean, oso argi dago egin nahi dutena: kope penalean egin nahi duten erreforma. Ikusten dugun modura, erreforma hori burutu ahal izateko bidea prestatzen ari dira.

Testuinguru honetan, seguritate enpresek aukera ikusi dute etekinak pilatzen jarraitzeko.

Iaz, Eneko Goiak hurrengo adierazpenak egin zituen: “Querer envejecer en tu barrio es un poco exquisito”. Zuen ustez, esaldi horrek erakundeek etxebizitza eskubiderako eta alokairuen inguruan duten iritzia islatzen du? Zer eskatzen diezue erakundeei?

Oso adierazpen gogorrak eta probokatzaileak diren arren, uste dut ikuspegi kapitalistaren sintesi oso egokia dela. Behintzat ez dabil gezurretan. Funtsean, logika horri jarraiki, etxebizitza ezin da eskubide bat izan, merkantzia bat delako.

Gaur egun, jabeen espekulatzeko eskubidea, guk etxebizitza bat izateko dugun eskubidearen gainetik dago, argi eta garbi. Bi eskubide antagonikoen artean, indarrak erabakitzen du eta horregatik diogu egoera iraultzeko modu bakarra borrokatzea dela.

“Jabeen espekulatzeko eskubidea, guk etxebizitza bat izateko dugun eskubidearen gainetik dago”

Instituzioei dagokionez, askotan instituzioak botere neutral bat izango balira moduan ulertzen ditugu, baina kapitalaren tresnak dira. Lorpenak edo aurrerapausoak borrokaren bitartez lortuko ditugun konkistak izango dira, gure egunerokotasunean egiten ditugun ekintzak medio.

Guk baditugu borroka eremu eta exijentzia zehatz batzuk, gure jardueraren helburu direnak: pobreen aurkako gerra gelditzea, etxegabetze ilegalekin bukatzea, etxerik gabeko jendeen aurkako erasoekin bukatzea, haien esku dauden kaleratzeak gelditzea, alternatiba habitazional duinak bermatzea, espekulazioari mugak ezartzea eta parke publikoa handitzea kuantitatiboki eta irizpide klasistak kentzea kualitatiboki. Kontziente gara instituzioek ez digutela kontzeziorik egingo, horretara behartzen ez baditugu borrokaren bitartez; hor kokatuko litzateke, preseski, gure eguneroko jarduna.