Ertzainak prestazio sozialen onuradunen etxeetan eginiko behaketak jomugan

uriola.eus 2023ko ots. 28a, 14:41

Argazkia: Berri-Otxoak

Bizkaiko zenbait eragile Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean mobilizatu dira, Ertzaintza, Lanbideren aginduz, prestazio sozialak jasotzen edo eskatzen dituztenen etxeetan agertzen dela salatzeko.

Urte berria iritsi zenetik, Ertzaintza, inongo baimen judizialik gabe, pentsio gehigarria, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edota enplegurako beste pizgarri batzuk jasotzen dituzten familien etxeetan behaketak aurrera eramaten ari da, armairuak aztertzera iristeraino. Mobilizazioa antolatu dutenen arabera, Lanbide da jazarpen horren arduraduna, iruzur egiten dutenen kopurua jaisteko asmoz. Izan ere, argitu nahi izan dutenez, helburu hori guztiz bidegabekoa da, kasu horiek prestazio sozialen % 0,5ekoa suposatzen dutela gogoraraziz.

Antolatzaileetako baten (Berri-Otxoak) iritziz, estrategiaren helburua oso argia da: “gure erkidegoan bizi diren pentsiodunak, langabeak edo enplegu prekarioa dutenak gizarte-babeseko sistematik kanporatzea”. Gizarte bazterketaren aurkako plataforma honek orain arteko Eusko Jaurlaritzaren gizarte politiken familiak babesteko ezintasuna azpimarratu du: “urtero, gizarte-bazterkeriako egoeran dauden biztanleen herenak ez du diru-sarrerak bermatzeko sistema erabiltzen, gobernuaren beraren datuen arabera”.