Martxoaren 8aren bezperan, Amazoniako eskualdetik, Kolonbiatik, Venezuelatik, Hondurasetik eta Guatemalatik datozen naturaren eta Giza Eskubideen defentsaren defendatzaileek agerraldia egin dute ingurumenaren defentsan emakume izateagatik jasaten dituzten eskubide urraketak eta arrisku espezifikoak salatzeko.
Ingurune-kontzientzia baten beharra
Kolonbiako La Guajira departamentutik etorritako Yalenis Medinak beraien lurraldeak uztiatzen dituzten enpresa transnazionalak kritikatu ditu. Hain zuzen ere, horren harira, mendebaldeko herrialdeetan dugun kontsumo-ohituran jarri du fokoa. Gainera, egun horren modan dagoen “trantsizio energetikoa” kontzeptuari helduta, balizko trantsizio horren noranzkoari buruz hausnartu du: “Orain bidezko trantsizio energetikoaz hitz egiten da. Zuzena norentzat? Geure buruari galdetzen diogu. Ikatza kentzen da, baina kobaltoa, kobrea eta urrea ustiatzen dira, ustiategi berriak irekitzen dira, non biziko gara?”.
Emakume borrokalarien jazarpena
Juana Francisca Urbina lider tulipan hondurastarrak baliabide naturalen ustiapenaren aurka borrokatzen duten emakumeek pairatzen dituzten biolentzia mota ezberdinak salatu ditu. Adierazi duenez, borroka hauetan dihardutenek diskriminazio forma erantsi bat bizi dute, emakume eta indigena izateagatik bizi dutenaz gain. “Emakumeek kriminalizazioari egiten diote aurre, genero-desberdintasunen eta zapalkuntza zehatzen ondorioz, beren borrokak garatzen dituzten lurraldeen arabera”.
Ama lurraren garrasia
Anitalia Pijachi Okaima liderrak naturaren egoera latzaren aurrean nazioarteko komunitateak aurrera daraman jarrera gaitzetsi du. Preseski, gizakiaren eta naturaren arteko berezko loturari jarraiki, ama lurraren laguntza oihua azpimarratu du. “Lurraren bihotzak dio: Geldi! Geure burua akabatzen ari gara”.
Gatazka ekosozialen genero irakurketa
Alboaneko Sara Diego langileak eman dio ekitaldiari amaiera, naturaren esplotazio egoera hauek dagoeneko existitzen diren genero arrakalak handiagotzen dituztela azpimarratuz. Horri lotuta, 2022ko otsailean Europako Batzordeak enpresa-jasangarritasunari buruzko arrazoizko direktiba baten lehen borradorea aurkeztu zuela gogorarazi zuen, aipatutako funtzioetan aritzen diren enpresek giza eskubideak errespeta ditzaten. Zentzu horretan, gaurko ekitaldiaren antolatzaileek, beste eragile batzuekin batera, enpresa-jasangarritasun horrek genero ikuspegia kontutan har dezan borrokatzen ari dira.