Zaintza lanen aitortza aldarrikatzeko eta haren harira eraikitako negozioa kritikatu du kolektiboak. Bozeramaileek adierazi dutenez, gizonezkoen zaintza lanen saihestea eta horien merkantilizazioa dira euren salaketen oinarri. Gogorarazi nahi izan dute bizitza sostengatzen duten zaintzak, oro har, emakumeek eginak direla; arrazializatuak eta migratzaileak, bereziki. Gainera, lanak garatzen diren esplotazio baldintzak salatu dituzte.
Hortaz gain, zaintza lanek erantzukizun kolektiboa suposatu beharko lukeela argi utzi dute. Sexua, generoa, arraza, klase soziala, dibertsitate funtzionala eta egoera administratiboa izendatu dituzte egoera baldintzatzen duten faktore gisa. Horiek guztiek justifikatuko dituzte gizonezkoen zaintza lanetan duten inplikaziorik eza eta erakunde publikoen esku-hartze falta.
Horregatik guztiagatik, gaurko prentsaurrekoan, egoera lazgarri honen ondorioz kaltetutako emakumeentzako justizia eta erreparazioa eskatu dute. Dena den, gogora ekarri nahi izan dute gaur egindako aldarrikapena ez dela gauza berri bat, baina egungo testuinguruan sektorearen egoera “kolapso” bezala deskribatu dute.
Honenbestez, alternatiba baten beharra azpimarratuta, zaintzarako eskubide kolektiboa aldarrikatu dute, “ez dadin inoiz gehiago emakumerik egon beren bizitzak inmolatuko dituenik”. Horretarako, manifestaziorako deialdia egin dute Jesusen Bihotza plazatik abiatuta martxoaren 8an 19:30etan.