Mobilizazioz jositako goiza izan da gaurkoa. Hasteko, Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8aren osteko planteamendua aurkeztu du. Ostean, Bilboko Udaletxean Euskal Autonomia Erkidegoko Udalen Elkarteak proposatutako adierazpena irakurtzeko ekitaldia ospatu da. Horretaz gain, ELA, LAB eta UGT sindikatuek mobilizazioak antolatu dituzte Bilboko kaleetan zehar.
Zaintza lanak jomugan
Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintzarako eskubide kolektiboa aldarrikatu du. Horretarako, “Denon Bizitzak Erdigunean” izeneko prozesu partekatua aurkeztuta, “gaurtik aurrera, aliantzak eta proposamenak” herri mugimenduekin eta eragile sindikalekin bateratzeko nahia erakutsi du.
“Zaintzaren problematika erdigunean jarri nahi dugu historikoki emakumeok izan garelako hauen pisua eraman dutenak eta inoiz ez direlako lan gisa aitortuak izan. Are gehiago, politikoki, sozialki eta ekonomikoki ikusezinak eta gutxietsiak izan dira”.
Funtsean, zaintza lanen merkantilizazioa salatu dute, egungo ereduak emakume migratuengan, bereziki, duen eragina kritikatuz. Bestetik, egungo eguna greba feminista orokor batentzako lehen urrats bat bezala deskribatu dute.
Estamentu guztietan emakumeen parte hartzea sustatzeko konpromisoa
Bilboko Udaletxean izandako ekitaldian, EUDELek konpromisoa hartu du “ emakumeek estamentu publiko eta pribatu guztietan parte hartzea eta ahalduntzea sustatzeko udal politikak eragiteko”. Bilboko alkateak zuzendu du ekitaldia eta, berarekin batera, Nekane Alonso, Bertasun Saileko zinegotzia, eta Bilboko Udalean ordezkaritza duten talde politikoetako eledunek hartu dute parte.
Irakurketan zehar, gonbita egin zaie Euskadiko udal guztiei bat egin dezaten eta “aitzindari izan daitezen erakundeek eta gizarteak harreman-molde askoz inklusiboago, lankidetzazkoago eta sortzaileagoetara egin beharreko bidean”.
Azkenik, emakumeen parte hartzea sustatzeko, “beharrezkotzat jo da hainbat gairi ekitea, hala nola botere-eremuak lagatzea eta emakumeen presentzia bermatzeko neurriak sustatzea, zainketa lanak eta zainketaren sektore profesionala baloratzea, emakumeei aitzindaritzan aritzeko aukera mugatzen dieten estereotipoak eta aurreiritziak ezabatzea, emakumeenganako indarkeria ezabatzea eta emakumeen eta neskatoen eskubideak jartzea agendetan ardatz”.
Benetako berdintasunerantz
Xuria Arza UGT-Euskadiko Berdintasunerako idazkariak adierazi duenez, “aldarrikapen-egun baten aurrean gaude, eta bidea falta da emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzeko, sindikatuak egunero lantokietan berdintasuna lortzeko lan egiten duen arren”.
Ordezkariak Sindikatuak egin duen ikerketa bati egin dio erreferentzia. Bertan, 2022an emakume langileek baldintza batzuk hobeto behar direla onartu duen arren, gogorarazi nahi izan du gizonezkoen eta emakumeen arteko soldata-arrakala nabarmena dela, oraindik ere.
Bestetik, Arzak berdintasun-planak ere aipatu ditu, Euskadin neurri hartu duten enpresen kopurua nabarmen ugaritu dela aitortuta. “Tamalez, Berdintasun Planak negoziatzera behartuta dauden enpresen erdiek baino gehiagok ez dute horrelakorik egin ".
Lanbide feminizatuetako langileen presentzia
LAB Sindikatuak mobilizazio ez-mistoa egin du goizean, zeinetan lanbide feminizatuetako langileak izan baitira protagonista. Koordinatzaile nagusia den Garbiñe Aranburuk aipatu duenez, “emakumeok, nazkatu gara. Ez dugu aitortu eta ordaindu gabeko etxeko lan eta zaintza lanei kateaturik bizi nahi. Ez dugu lanaren banaketa sexistak sortzen duen prekarietaterik onartzen”.
Zentzu horretan, gizonei dagokien erantzukizuna beren gain hartzeko ere exijitu nahi izan die Aranburuk: “Sistemak arrakalak sorrarazten ditu plusbalioa ateratzeko eta gizon eta emakumeen arteko edota langile migratu eta autoktonoen arteko dominazio forma gisa”.
Sindikatuaren aldarrikapenen artean, aipatzekoak dira, esaterako: zaintza zerbitzuen pribatizazioaren amaiera eta adineko pertsonen egoitzen eta etxez etxeko zerbitzuen kudeaketa zuzena.
Argazkiak: LAB, UGT eta Ecuador Etxea