TOKIKOM-ek 10. urteurrena ospatuko du martxoaren 24an

uriola.eus 2023ko mar. 10a, 10:44

Toki komunikabideen elkarteak Getxon ospatuko du 10. urteurrena.

Egun, 76 toki komunikabidek osatzen dute komunikabide taldea. 2013an ekin zioten proiektuak 10 urte betetzen dituela ospatzeko, “Komunikabideak etorkizuna ehuntzen” lelopean, gertuko kazetaritzaren inguruko jardunaldiak antolatuko ditu. TOKIKOMek berak antolatu ditu jardunaldiok, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Getxoko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta EiTBren babesaz, eta Uribe Kostako Hiruka komunikabidearen laguntzaz.

Goizeko 9etan hasita, 3 zati izango ditu ekitaldiak: hausnarketa, aldarrikapena eta festa. Lehenengo elementuari dagokionez, hiru gai nagusi landuko dira: toki komunikabideek demokrazia sozialaren eraikuntzan duten garrantzia; kazetaritzaren eta aisialdiaren uztarketa eta kazetaritzaren digitalizazioa.

Aldarrikapenaren kasuan, Herrialde Katalanetako toki komunikabideen elkarteekin batera, manifestu komun bat sinatuko dute gisa honetako komunikabideen garrantzia aldarrikatzeko.

Amaitzeko, ekitaldiari TOKIKOMen urteurrenaren inguruko ikuskizun batekin emango zaio amaiera. Jardunaldiotan lekua erreserbatzeko epea zabalik dago jadanik, eta martxoaren 17an itxiko da.