NATOren eta Europar Batasunaren aurkako mobilizazioa Bilbon

uriola.eus 2023ko mar. 13a, 17:27
Argazkia: Askapena

Askapenak Euskal Herri antiinperialista eta internazionalista bat aldarrikatzeko manifestazioa antolatu zuen joan den larunbatean.

Euskal Herriko mugimendu antimilitaristak, “NATO-EB Ez! Euskal Herria Antiinperialista” lemapean, mobilizazioak antolatu zituen larunbatean; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoak Espainia NATOko kide izaten jarraitzeko erreferendumean ezetza eman zuenetik 36 urte bete ziren igandean.

Eragileak argi utzi zuen egungo testuingurua krisi garaikoa dela. Hala ere, haren iritziz, egoera ez da koiunturala, zeren “etengabeko krisietan murgilduta gaude, batetik atera orduko bestean sartzen gara”. Horren harira, estatuek testuinguru horretan esparru desberdinetan hartutako neurriak salatu zituzten: “estatuak aprobetxatzen ari dira politika ekonomikoak, sozialak eta diziplinatzaileak zorrozteko”.

Hortaz gain, nazioarteko harremanen alorrari dagokionez, AEBk, NATOk eta EBk hartutako jarrera kritikatu zuen Askapenak, Txina eta Errusiaren garapena galarazteko gerrak areagotzea erabaki dutela leporatuta. “Konfrontazio fase honetarako, azkenean lortu dute Ursula Von Der Layenek, Borrell lorazainak eta halakoek zuzendutako lobbyaren atxikimendua. NATO eta EB historiako garai beltz honen zutabe nagusiak dira. Eta ez dezagun ahaztu herri palestinarrarekiko erasoak areagotzen ari den entitate sionista”.

Bestetik, NATOren armada burgesiarena dela adierazi zuen; “horrez gain, ordea, badu beste funtzio bat: kapitalaren politikei aurre egiten dien edozeinen aurka egiteko adar militarra izatea”. Era horretan, espainiar estatuko azken aurrekontu orokorrak kritikatu zituen, “ez dadila disimuluan pasa alderdi sozialdemokrata guztiek onartu izana. Herri langileen baldintza materialak okertzea babestu dute, NATOren mesedetara; izan ere, gaitasun gehiago eman zaizkio, eta burgesiaren interesak defendatzeko azpiegitura zibilak eskuratzeko eskubidea aitortu zaio”.

Azkenik, egungo testuinguruari aurre egiteko “burgesiaren dominazio tresnak suntsitzea” beharrezkoa dela adierazi zuen. Horretarako, ofentsiba inperialistaren aurrean, borroka antiinperialista Euskal Herriko herri eta auzo guztietara hedatzeko deia egin zuen.