Abian da Loraldia Festibalaren 9.edizioa

uriola.eus 2023ko mar. 13a, 19:20
Argazkia: Loraldia

Urtero, hilabete batez, Bilbo euskal kulturaren hiriburu bilakatzen du kultur jaialdiak.

Ostegunean, martxoaren 9an, aurtengo edizioari hasiera eman zioten Bernardo Atxagak eta Ruper Ordorikak “Hayrsi da Anphora zuzenean CD” lanaren aurkezpenarekin. Lan horrek, 2022ko Loraldia Festibalerako sortu zen produkzioaren edukia biltzen du eta Ordorikak 1980an argitaratutako lehen diskoan oinarritzen da. Aipatutako artistez gain, Pello Elzaburuk (Pamiela argitaletxeko editorea) eta Imanol Agirrek (Loraldiaren zuzendari artistikoa) hartu zuten parte.

Ostiralean, martxoaren 10ean, Kukai dantza konpainiak, Errenteriako HAE orkestrarekin batera, “Eta orain zer?” ikuskizuna eskaini zuen. Bertan, Jon Maya Sein koreografoaren eskutik, Kukairen 20. urteurrena ospatzeko emanaldiaz gozatzeko aukera izan zuten ikusleek. Obra soka-dantzari buruzko espektakulua izan zen, “gizartearen kohesioaren eta komunitate bereko kide ezberdinen arteko errespetu eta ulermenaren ikurra".

Larunbatean, martxoaren 11ean, ordea, Gabriel Arestiri lotutako bi ekitaldi desberdin izan ziren: “Bilbon dabil Gabriel Aresti bazkari-ikuskizuna” eta “Otxarkoaga-Bilbo. Biola bat ala mailu bat”. Zentzu honetan, aipatzekoa da Arestik aurtengo edizioan izan duen pisua; izan ere, edizioaren lema (“Mailua gara!”) idazle bilbotarraren “Harri eta herri” poesia lanean du jatorria.

Edozein kasutan, eskaintza kulturalak ez du etenik. Gaur arratsaldean, Martin Etxebarria idazleak eta Oier Aranzabal musikariak “Kanagaroo” poema-liburuaren irakurraldi musikatua egin dute. Bihar, Igor Elortzaren eta Rafa Ruedaren eskutik, “Anonyme Popular” emanaldiaz gozatzeko aukera izango da. Bertan, Elortza, Ruedarekin landu dituen doinuen laguntzaz, “norbanakoaz eta jendeaz ari da, maitasunaz eta desiraz, azaletik barrura eta kanpora garenaz, gizonez eta feminismoaz, euskaldunon iragan hurbilaz eta orainaldi urrunaz, eguneroko nahi eta ezinez”.

Horrela, Festibal kulturalak egunero eskainiko du kultur emanaldiren bat martxoaren 26ra arte.