Kultur ekitaldi honek 2014an izan zuen hasiera. Lehenengo urtean jaialdia 2 aldiz ospatu bazen ere, hurrengo urtetik aurrera urtean behin ospatu izan da, udaberriarekin eta Aste Santuarekin batera.
Ibilbide luze horretan zehar, 130 pieza baino gehiago ikusi ahal izan dira antzokian. Horietatik 90 estreinatugabekoak, jardunaldietarako preseski sortuak, alegia; 19 gonbidatuak (dagoeneko estreinatuta zeudelako edo parte hartzeko baldintzak betetzen ez zituztelako) eta 24 euskarazkoak (hirugarren ediziotik aurrera, euskarazko lan onenari Kriselu saria eman zaio). Orotara, 300 antzezle baino gehiagok hartu dute parte (kontuan hartuta, horietako asko edizio baten baino gehiagotan izan direla). Aipatutako datu guztiek jardunaldien arrakasta berresten dute.
Aurtengo edizioan, 16 estreinaldi eskainiko dira, astuburu bakoitzeko 4 pieza antzeztuta (3 gazteleraz eta 1 euskaraz). Antzezlanak Pabellón 6en antzeztuko dira, eta emanaldiak ostiral eta larunbat arratsaldetan (19:30etatik aurrera) eta igandetan (saio bikoitza), goizez (12:00etatik aurrera) eta arratsaldez (19:00etatik aurrera) izango dira.
Sarrerei dagokienez, bi bonu mota egongo dira. Alde batetik, 2 piezako BONU ITXIAK jarriko dira salgai, 10 eurotan. Eta, bestetik, 4 piezako BONU ITXIAK 17 eurotan. Azken horiek www.pabellon6.org webgunean eta txarteldegian erreserbatu ahal izango dira eta 2 piezakoak, aldiz, emanaldiaren egunean bertan soilik leihatilan.
Jardunaldiak Pabellón 6 Arte Eszenikoen Sortzaileen Elkarteak sustatzen ditu, Bilboko Udaleko Kultura Arloaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Café Bilbao / Tartean Teatroaren eta Pabellón 6 Antzerki Laborategiaren laguntzarekin.
Edizio honetan ere sari hauek banatuko dira: Alex Angulo Saria muntaia onenari (Bilboko Udalaren Kultura Sailaren dirulaguntzarekin), Kriselu Saria euskarazko lan onenari (Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntzarekin), “Café Bar Bilbao” – Tartean Teatroa Sari berezia, ekoizpenerako laguntza, Antzezle Onenaren Saria Pabellón 6 Antzerki Laborategiaren eskutik eta Publikoaren Saria.