Doinuele, Euskarazko Plazen Sarea, aurkeztu dute gaur Bira Kultur Gunean

uriola.eus 2023ko mar. 15a, 13:15

Argazkia: Dani Blanco / Argia

Urtean zehar euskara hutsean antolatzen diren euskara hutsezko azoka eta plaza desberdinak josteko asmoz sortutako sarea da Doinuele.

Gaur, goizeko 11:00etan, Euskarazko Plazen Sarea osatzen duten ekimen desberdinen ordezkariek aurkezpen ekitaldia gidatu dute, denen artean testu bateratua irakurriz. Era berean, Donieleren logoa eta aurtengo ekitaldien zerrenda aurkeztu dituzte.

“Zortzi herri eta hautu bat: euskara hutsezko azokak eta plazak antolatzea euskal literatura eta musikagintza sustatzeko”, horrela zehaztu dute partaideek sarearen xedea. Izan ere, hautatutako logoak bi elementu horiek bateratzen ditu: musika eta hitza.

Bestalde, partaideen aniztasunari garrantzia eman diote, horietako bakoitza herri eta errealitate ezberdin batetik datorrela azpimarratuta. “Zortzi herri eta errealitate ezberdinak: batean euskara ofiziala baina derrigorrezkoa ez, bestean koofiziala edo soilik toleratua. Baina arazo bera: legezko babes ofiziala ukan edo ez, euskara hutsez bizitzeko nekezia edo ezintasuna eta euskaraz (ere) bizitzeko lanak!”. Horretaz gain, ez dituzte aipatu gabe utzi izan nahi euskara hutsean jardutea erabakitzen duten artisten zailtasunak.

Hala, euskara hutsezko publikoa, irakurlegoa, entzulegoa adin-tarte guztietan indartzeko asmoaz gain, beste helburu zehatzago batzuk ere aipatu dituzte: “euskaraz bizi den sarea zabaltzea; azokak errentagarri egitea, jendetsuak eta biziak, anitzak, euskararen komunitatearen topaleku eta ispilu; kultur sortzaileak, idazle eta musikariak, ilustratzaileak eta itzultzaileak, editoreak eta literatur aldizkariak sostengatzea…”.

Oraingoz, zortzi herriko ekimen dira sarea osatzen dutenak (Galdakao, Zarautz, Ziburu, Hernani, Sara, Lazkao, Baztan, Azkoitia); halaber, ateak irekita daudela adierazi dute sarean parte hartu nahi duten gainerako ekimenentzat.