Bizkaibuseko langileek lan-hitzarmena eguneratzeko borrokan diraute

uriola.eus 2023ko mar. 16a, 14:29

Autobus zerbitzuko langileek 24 orduko greba egingo dute gaur. Horretaz gain, mobilizazio desberdinak antolatu dituzte goizean zehar.

Hilabete bat baino gehiago pasa da honako artikulua argitaratu genuenetik: “Lan-hitzarmena eguneratzeko mobilizatu dira gaur Bizkaibuseko langileak”. Bada, egoerak bere horretan dirau: Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintzen duen hiriarteko autobus zerbitzua 5 enpresa emakidunen eskuetan dago (Vectalia Txoriherri, Ezkerraldea Meatzaldea, Busturia Lea Artibai, Vectalia Enkarterri eta Avanza Durangaldea). Horietatik, Avanza Durangaldea izan da gaurko egunean normaltasunez jardun ahal izan den bakarra. Hain zuzen ere, emakidun honen langileek Kontsumoko Prezioen Indizearekiko (KPI) igoera bat lortu zuten aurtengo lan-hitzarmenean; gainontzeko langileek, aldiz, eskaera berdina egin dute gaur Bilboko kaleetan zehar.

Egoera 5 hilabetez luzatu da dagoeneko. Eskaera egin duten enpresa emakidun bakoitzeko langileek lanuzte kopuru desberdinak daramate, baina otsailaren 6an bezala, gaurkoan ere denek bat egin dute gaur Bilbon. Goizeko 8retan hasita, Bilboko 3 puntu desberdinetan hasi dituzte mobilizazioak: BLB eta Vectalia Encarterri Juan de Garaitik irten dira, EMB EITBren egoitzatik eta Vectalia Txorierri, aldiz, Done Petri Plazatik. Azkenik, hirurek bat egin dute Bizkiako Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean.

Ordezkari sindikalek adierazi dutenez, “urriaren 18an foru jauregiaren aurrean lehen mobilizazioa hasi genueneko puntu berean gaude. Orain arte, ez dugu inolako aurrerapausorik lortu, nahiz eta gauza bera aldarrikatzen dugun lehen egunetik. Gure ustez, zerbitzuaren bermatzaile gisa, Foru Aldundiak du gatazka honi irtenbidea emateko eta, logikoa denez, onartuko ez ditugun desberdintasun horiekin amaitzeko giltza. Beraz, berdin-berdin gaude, intentsitate eta gogo berarekin. Langileak oso indartsu daude eta ez dugu amore emango”.