1080 euroko gutxieneko pentsio duin baten alde

uriola.eus 2023ko mar. 17a, 10:21

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizaziorako deia egin du biharko, “Lan, pentsio eta zerbitzu publiko duinak” lemapean.

Mugimenduak astelehenean ekin zion aste osoko “barau-itxialdi” bati. Hala, hiriburuko areto batean akzio horri ekingo diote eguneko 30 pertsonako turnoetan. Asteartean, Gobernuaren Ordezkariordetzan idazki bat aurkeztu zuten Gizarte Segurantzako José Luis Escrivá ministroari, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa erreklamatzeko. Ondoren, ibilbide bat egin zuten Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalera, "arreta faltaren arazoak" salatzeko. Asteazkenean, berriz, martxa bat egin zuten Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzara arte, 1.080 euroko gutxieneko hori lortzeko pentsioaren osagarria eskatzeko eta Emakunderi genero-arrakala salatzen zuen idazki bat emateko. Ostegunean, aldiz, Alderdi desberdinen egoitzetatik ibilbide bat egin zuten, aipatutako aldarrikapena defendatzea eskatzen zuen idazki bat aurkezteko. Gaur, ostera, Udaletxera hurbilduko dira bihar antolatutako manifestazioan parte hartzeko deialdia egitera.

Biharko manifestazioa, eguerdiko hamabietan abiatuko da, Bizkaiko hiriburuko Moyua plazatik, eta sindikatuei, gazte-plataformei eta beste gizarte eragileei mobilizazioan parte hartzeko gonbita luzatu diete. Orain arte, eragile desberdinek euren presentzia iragarri dute; atzo bertan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioarekin bat egiten zuenaren berri eman zuen. Bestetik, Bilbon antolatutako manifestazioan parte hartuko dutenekin elkartasuna erakusteko, Iruñako Pentsiodunen Mugimenduak astelehenean manifestazio bat antolatu zuen.

Kolektiboak gogorarazi duenez, 5 urte baino gehiago daramatzate euren mobilizazioekin helburu berari jarraiki: 1080 euroko gutxieneko pentsioa 14 ordainketetan.