Etxeko Langileen Elkarteak gutxieneko soldataren eguneratze falta salatu du

uriola.eus 2023ko mar. 17a, 11:29

Tankerako beste elkarte batzuekin batera Gizarte Segurantzak etxeko langile bati lanaldi osorako iazko gutxieneko soldataren bitartez kontratatzeko aukera ematea kritikatu du.

Iaz, 1166,67 eurokoa zen gisa honetako langile bati lanaldi osoko kontratu batengatik zegokion soldata. Elkarteak salatu duenez, martxoaren 15erako soldata bere horretan segitzen zuen. Hala, hilabete bat pasa da soldata hori jakitera eman zenetik eta oraindik Gizarte Segurantzak ez du neurririk hartu aldatzeko.

Dena den, ez da Etxeko Langileen Elkarteak sektore honetako lan-baldintzen inguruan azkenaldian egiten duen lehen aldarrikapena. Izan ere, otsailaren 22an langile horiek pairatzen dituzten baldintza prekarioen zenbait estatistika aurkeztu zituzten: enplegatzailearen etxean lo egiten duten emakumezko etxeko langileen %29,50ak eta egunez lan egiten dutenen %12,98ak ez daukate paperik; astean zeharreko barneko emakume langile guztien %72,57a enplegatzailearen esku dago, legez ezarritako gehieneko lanaldiko asteko 60 orduak gaindituz; egunekoetatik, %29,09ak ez du bere lanaldiari dagokion gutxeneko soldata kobratzen; barneko-lanean, bereziki, paperik gabeko langileei legezkotasunetik oso urrun dauden baldintzak ezartzen zaizkie lanaldiari, soldatei eta atsedenei dagokienez; administrazio-egoera erregularrean dauden barneko eta eguneko langileen kasuan, Gizarte Segurantzako alta-ehunekoa handiagoa da urtetik urtera, ia %95,05ekoa barnekoen kasuan eta %85,50ekoa egunekoen artean. Orokorrean, paperik gabeko langileak egoera erregularrean daudenak baino egoera okerragoan daudela argi utzi zuten estatistikek.

Horretaz gain, langileek azken hilabeteetan mobilizazioak antolatu dituzte, urtarrilaren 25ean, esaterako, Eusko Jaurlaritzako Lan Saileko Kontziliazioa Zerbitzuaren aurrean elkarretaratze bat antolatu zuten sektore honetan lan egiten duten bi enpresen (Darucama kooperatiba eta La Cruz Azul) lan-baldintzak salatzeko asmoz.