Gazteen emantzipaziorako Euskadiko lehen arreta-zentro presentziala inauguratu dute Bilbon

uriola.eus 2023ko mar. 27a, 11:55
GAZ-Bilbao zerbitzuaren aurkezpena. Argazkia: Bilboko Udaleko Webgunea

GAZ-Bilbao izenarekin aurkeztutako zerbitzuak informazioa, orientazioa, aholkularitza eta laguntza integrala eta pertsonalizatua eskainiko die 16 eta 34 urte bitarteko gazteei. Horren helburua, Bilbon bizi diren gazte emantzipatuen tasa handitzea eta emantzipatzeko batez besteko adina murriztea da.

Gazteen emantzipaziorako Euskadiko lehen arreta-zentro presentziala inauguratu dute, gaur, Bilbon. GAZ-Bilbao izeneko egoitza berria 'La Perrera' eraikinean finkatu dute, Sabino Aranako 50. zenbakian.

GAZ-Bilbao beste udalerri batzuentzat erreferentziazko eredu izateko asmoarekin sortu da, Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzarekin. Bertan, informazioa, orientazioa, aholkularitza eta laguntza integrala eta pertsonalizatua eskainiko da 16 eta 34 urte tarteko gazteei, betiere emantzipaziorako proiektuak bideratu nahian.

Gazteen Emantzipazioa Laguntzako Euskal Estrategiaren inguruan, hiru izan dira nabarmendutako helburuak: Bilbo inguruko gazteek bere bizi-proiektuak garatzeko dituzten aukerak zabaltzea, horien emantzipazio-tasa handitzea eta emantzipatzeko batez besteko adina murriztea.

Gaur goizean gauzatutako aurkezpenean, zerbitzua “aintzindaria, doako eta sarbide unibertsalekoa” dela azpimarratu dute Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Jonan Fernándezek, Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak gazteen oraina eta etorkizunean lanean diharduela gaineratu du Fernandezek: “Emantzipazioa bultzatzen eta bizitza zein familia proiektuak eraikitzen laguntzea atzeraezinezko lehentasun estrategikoa da Eusko Jaurlaritzarentzat. Jokoan dago gazteen eta Euskadiren oraina eta etorkizuna”.

Horrekin batera, GAZ zerbitzua emantzipaziora bideratutako beste zerbitzu espezializatu batzuekin erkarlenean arituko dela gaineratu du Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkari Nagusiak.

Arreta pertsonaleko zerbitzua

GAZ-Bilbao proiektu berriaren aurrez aurreko arreta-bulegoak astelehenetik ostiralera, goizez eta arratsaldez, eta larunbatetan, goizeko ordutegian, arituko da. Jarduera horrek hiru esparruetan oinarrituko da:

  • Arreta personaleko zerbitzua. Zerbitzuak emantzipazioarekin lotutako gaien inguruko informazioa eta lanbide-orientazioa eskainiko du; hala nola, prestakuntza, etxebizitza, enplegurako sarbidea eta abarrei buruzko arloetan.
  • Gazteek dituzten gaitasun eta talenguak ezagut ditzaten ekimenak garatuko dira. Helburua, gazteen etorkizuna bideratzea eta horien trebetasuna hobetzea izango litzateke.
  • Zerbitzuak, gazteen emantzipazioaren behatoki gisa. Honako hau, gazteen eskariak, proposamenk eta premiak ezagutzeko erabiliko da.

Zerbitzu presentzialaz gain, Eusko Jaurlaritzak telefono bidez eta online arreta eramateko zerbitzu bat jarriko du martxan hurrengo hilabeteotan, eskaerei erantzun baliagarraia emateko helburuarekin.